ROGER LOPPACHER. KATALUNIAKO IKUS-ENTZUNEZKO KONTSEILUKO BURUA
www.berria.eus
Urtzi Urkizu (2020ko abenduak 15)
‘Streaming’ plataformek edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz ekoizteko eskatu du Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak, Espainiako lege aurreproiektuko alegazioetan.
Zuzenbide ikasketak egin zituen Roger Loppacherrek (Bartzelona, 1956). Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko presidenteordea eta Generalitateko Ikus-entzunezko Hedabideen zuzendaria izan da. 2012ko uztailetik da Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidentea. Kontseilu horrek 70 profesional ditu, eta gobernu batzordeko bost ordezkariak Kataluniako Parlamentuak aukeratu behar ditu bi hereneko gehiengoz. Sailen artean, edukiena, ikerketena eta juridikoa ditu.
Espainiako ikus-entzunezko komunikazioko lege aurreproiektuari zenbait alegazio aurkeztu dizkiozue. Tartean, eskatu duzue streaming plataformei behartzea ekoizten dituzten edukien erdiak katalanez, galegoz eta euskaraz izatea.
Funtsezkoa litzateke hori lortzea, arrazoi askorengatik; Europako zuzentarauan eta Espainiako aurreproiektuan kultur aniztasunaz hitz egiten da, baina horrek ez du islarik legean. Isla izatea litzateke ekoiztea katalanez, galegoz eta euskaraz. Katalogoko atzerriko edukiak hiru hizkuntza horietan egotea ere eskatzen dugu. Gure ikerketek diote katalana oso egoera prekarioan dagoela ikus-entzunezkoen alorrean.
Plataforma per la Llenguak gaur [atzo] ohartarazi du katalan hiztunen %32k baino ez dutela hizkuntza erabiltzen. Katalana «larrialdi linguistikoan» dela salatu du, gainera.
Bai, hala da. Guk Netflix ikertu genuen, eta katalanaren presentzia ez da %0,5era iristen. Lurreko telebista digitala iritsi zenean, katalanak zuen pisua jaitsi egin zen. Eta, orain, streaming plataforma handiekin oso adierazgarria izan da katalanaren presentziaren galera. Gauza bera gertatzen da euskararekin eta galegoarekin.
ELKARRIZKETA OSORIK IRAKURTZEKO:
Roger Loppacher: «Kuotak ezarri behar zaizkie plataformei» | Bizigiro | Berria