JON ARTATXO. IBAIAKO ABOKATUA
www.berria.eus
Urtzi Urkizu – 2020ko abenduak 26
Espainiako ikus-entzunezkoen lege berriaren aurreproiektua atzerapausoa da euskararentzat, Artatxoren iritziz. «Hizkuntz aniztasunaren eskubidea ezabatu dute», haren esanetan.
Zuzenbide digitalean espezializatuta dago Jon Artatxo (Bilbo, 1971), eta irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. 1997tik da Ibaia Euskal Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkarteko abokatua.
2021eko lehen hilabeteetan onartuko da Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea. Zer iritzi duzu lege proiektuaz euskarari, katalanari eta galegoari dagokienez?
Kontuan hartu behar da lege berriak 2010etik hona indarrean dagoen Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea ordezkatuko duela. Lege berriaren aurreproiektua aztertuz gero, atzeranzko joera du hizkuntza ez-hegemonikoentzat. 2010eko legeak kultur eta hizkuntz aniztasunerako eskubidea aitortzen zuen bosgarren artikuluan. Lege berriaren proposamenean, aldiz, eskubide hori ezabatu egin du Espainiako Gobernuak. Agerian uzten du zer borondate politiko dagoen hor azpian.
Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak eskatu du streaming plataformak behartzea ekoizten dituzten edukien erdiak euskaraz, katalanez eta galegoz egitea. Aukerarik badago horrek aurrera egiteko?
Harantzago joango nintzateke. Alde batetik, kontua ez da bakarrik streaming plataformak behartzea, baizik eta baita beste ikus-entzunezko kateak ere, RTVE eta Madrilgo kate pribatu guztiak barne. Bestetik, bereizi behar da ikus-entzunezko legeak bi kuota mota ezartzen dituela: emititzeko kuota eta ekoizpen berriak finantzatzeko kuota. Euskaraz, katalanez eta galegoz egitea ez litzateke mugatu behar azken kuota horretara, baizik eta emititzen duten programazio ororentzat beharko luke. Gaur egun, ez dago oztoporik edozein eduki zenbait hizkuntzatan bikoizteko; euskarak, katalanak eta galegoak aukera horien barnean egon beharko lukete, derrigorrez. (…)
ELKARRIZKETA OSOA IRAKURTZEKO:
Jon Artatxo: «Merkatuak markatzen badu legea, partida galdua dugu» | Bizigiro | Berria