www.naiz.eus

Maider Iantzi Goienetxe
2021ko maiatzak 3

Jendeak nahi duena nahi duenean ikusi nahi du eta prest dago horretarako ordaintzeko. Hamar euskaldunetatik seik edaten dugu plataforma digitalen iturritik. Baina ez dugu aisialdi hori euskaraz gozatzerik. Pantailak Euskaraz ekimena jaiotzear da, hori lortzeko.

Disney + Euskaraz proiektua Donostiako guraso eta euskaltzale batzuen artean sortu zen. Joan den azaroan izan zen, haur eta gazteentzako edukiak egiten dituzten nazioarteko ekoiztetxe nagusiak biltzen dituen plataforma katalanez jarriko zutela albiste zen garaian, eta Euskaraldiaren hasieran. Parkeko elkarrizketa batean sinadura bilketa bat abiatzea pentsatu zuten eta Gabonetarako 5.000 atxikimenduren langa gainditu zuten. «Orduan konturatu ginen gure kezka Euskal Herri osoan zabalduta zegoela», agertu du Alex Aginagalde ekimenaren talde motorreko kideak.

Avaaz plataforman dago sinatzeko aukera. Bertako testuan azaltzen duten bezala, alde batetik Disney+ plataformari euskaldunak ez diskriminatzeko eskatzen diote, gure haurrek eskubidea dutelako zerbitzuko edukiak euskaraz jasotzeko. Bestetik, euskal erakundeei exijitzen diete mundu mailan gehien ikusten diren ikus-entzunezko horiek euskaraz ere eskainiko direla bermatzea. «Ez soilik Disney+ plataforman, zinemetan ere ziurtatu behar dute ekoizpen handiak euskaraz ematea».

Eguberri inguru horretan gutuna bidali zieten EAEko eta Nafarroako talde parlamentariei, Euskal Hirigune Elkargoari, europarlamentari euskaldunei, espainiar Kongresuko diputatu euskaldunei, Arartekoari eta euskalgintzako eragile nagusiei. Hala, Gasteizko Legebiltzarreko kultura batzordean egitasmoa aurkezteko gonbidapena iritsi zitzaien. «Baietz esan genien, eta bertan izan ginen. Agerraldiak oihartzun handia izan zuen eta plataformen inguruko kezka agenda politikoetara eta jendartera eramatea lortu genuen». Horri jarraituz, mugimendu berriak sortu ziren. Otsailaren erdialdean Netflix Euskaraz ekimena jaio eta sekulako abiada hartu zuen. (…)

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20210503/pantailak-euskaraz-izateko-legea-eta-egitura-behar-dira