Gaizka Izagirre

www.gaztezulo.eus
2021eko maiatzak 11

Netflix Euskaraz herritar taldeak agerraldia egin zuen Durangoko Landako gunean. Euskalgintzaren, ikus-entzunezko sektorearen eta euskal komunikazio esparruko eragile askoren babesa jaso du taldeak. Euskarak ere streaming bidezko plataformetan bere lekua izan behar duela azpimarratu dute. Donostiako guraso euskaldun eta euskaltzale batzuen ekimenetik abiarazi zuten baita ere Disney Euskaraz egitasmoa, Disney konpainiari eskatzeko zinema aretoetan zein streaming plataforman ekoizpenak euskaraz emateko; baita erakunde erakunde publikoei eskatzeko Disneyrekin harremanetan jartzeko ere, haur euskaldunen eskubideak bermatuak egon daitezen. Lehengoek apirilaren 15erako 10.000 sinadura lortzearen erronka jarri zuten eta 10.500 sinadura inguru dituzte jada. Abenduaren 3rako 20.000 sinadura lortzea espero dute. Bigarrenak aldiz 5.000 sinadura baino gehiago lortu zituen.


Azkeneko urteotan, nabaria da asko aldatu direla ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. Telebista tradizionalaren kontsumoa asko jaisten ari dela erakusten dute datuek. Aldiz, ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira azken bost urteotan, eta euskaldunon hamarretik seik edaten dugu iturri horretatik. Plataforma horietan, ez dago ia euskarazko edukien eskaintzarik. Netflixen, adibidez, 3.500 film baino gehiagoko katalogotik lau film baino ez ditugu euskaraz, eta telesailik ez dago bat bera ere.


Ohiko plataforma digitalez gain, hilabete honetako protagonista dugun Nebukaik argi erakusten du Twitch plataformak duen indar eta etorkizun ikaragarria. Baita erreminta arrakastatsu horretan euskarak izan dezakeen presentzia ere. Edozein euskal sortzaileen edukiak zabaltzeko @3000Twitz kontua ireki zuten Twitterren adibidez.