Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz mugimenduko kidea)

www.gazteberri.eus
2021eko ekainak 9
Etxepare Euskal Institutuan egiten du lan Euskara eta Euskal Kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko Teknikari gisa. Joan den euskaraldiaren bueltan Disney+euskaraz kanpaina sortu zuen guraso eta euskaltzale taldeko kide da. Orain indarrak batu dituzte Netflix euskaraz herri mugimendua, Tinko Euskara elkartea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Zinemak Euskaraz kanpaina, eta 3.000 twitz kanpainako kideekin, Pantailak Euskaraz mugimendua sortzeko.

Pantailak euskaraz egitasmoaren xedea telebistan eta ikus-entzunezko euskarrietan euskaraz den eskaintza handitzea da. Egoeraren argazki zehatzago bat izateko, nolakoa da eskaintza hori une honetan? 

Momentu honetan 40 inguru telebista kate digital ditugu, eta horietatik euskaraz ETB1ETB3, eta HamaikaTB. Hainbat tokiko telebista ere badaude, noski. Baina dagoen eskaintzari bere osotasunean erreparatzen badiogu, oso urria da euskarazkoa, eta ikusle kuota negargarria dute (ETB1ek % 1,5, ETB3k % 0,3). Gainera, kate horiek ezin dira Euskal Herri osoan ere ikusi!

Areago, kontuan hartzen badugu ohiko telebistaren kontsumoa jaisten doala azken urteotan eta streaming plataformena abiada bizian handitzen ari dela (euskaldunon erdiak kontsumitzen ditugu jada), eta horietan euskararen presentzia ia hutsaren hurrena dela, arazoa benetan larria da.  NETFLIXen dauden 5.500 edukietatik, 5 film ditugu euskaraz, guztiak hemengo ekoizpenak; Disney+ plataforman (DisneyPixarMarvelStarwars ekoiztetxeen edukiak biltzen dituena) 3.500 film eta telesailetik 0; HBOn ere, 0. Prime Videon 15.000 edukietatik film bakarra  ikus daiteke euskaraz.  

Interneteko kanal eta sortzaile plataformetan gauza bera; euskarazko edukien bila ibili behar duzu zerbait aurkitzeko. 

Zeintzuk dira, zehazki, zuen aldarrikapenak? 

Euskara pantaila guztietan sendo egotea estrategikoa dela uste dugu, bestela, hizkuntzaren etorkizuna bera kolokan dago. Aisialdia gero eta gehiago dago pantailei lotua (mugikor, tablet, TB, ordenagailu… Europan helduok, batez beste, egunean 11 ordu pasatzen ditugu pantailei begira) eta euskara horietan presente ez badago, eremu formaletarako hizkuntza (ikasketak, administrazioa…) soilik izango da laster. Hori oso arriskutsua da:  hizkuntza ez baduzu esperientzia dibertigarriekin lotzen, ez duzu erabiltzen. 

Hausnarketa horretatik abiatuta, egoera iraultzeko 10 aldarrikapen nagusi lantzen ari gara ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako hainbat eragilerekin elkarlanean: Euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa handitzea; EITB hizkuntzaren normalkuntzarako tresna bihurtzea; zinemetan euskararen presentzia legez bermatzea (gaur egun estreinaldien % 2 inguru izaten da euskaraz); streaming plataformetan euskararen presentzia bermatzea; hori guztia posible egingo duten ikusentzunezko legeak; eta ikusentzunezkoen gardentasun, aniztasun, araudien betetzea, eta hizkuntza ofizialen erabilera zainduko duten Kontseiluak aldarrikatzen ditugu, besteak beste.ç

Nola lor daitezke? Zenbait kasutan, streaming plataforma nagusien kasuan bezala, ‘erabakia’ atzerriko enpresa baten esku dagoela dirudi. Nola konbentzitu daiteke horrelako enpresa bat euskaraz duen eskaintza handitzeko?

Handitzeko baino, zerbait euskaraz jartzeko esango nuke… Legez hizkuntza kuota batzuk ezarri beharko lirateke, hizkuntza eskubideak jokoan daudenean ezin dugu hori nazioarteko enpresen borondatearen esku utzi. Euskararen 10/1982 legeakNafarroako 1986ko Euskararen Foru Legeak, Europako hizkuntzen kartak… diote ikusentzunezkoak euskaraz (edo norbere hizkuntzan) jasotzeko dugun eskubidea erakundeek bermatu behar dutela. Orain, adibidez, Espainiar Estatuan Ikusentzunezko Lege Orokorra tramitatzen ari dira, 2018ko Europar Zuzentarau bat aplikatzera datorrena, eta lege horren zirriborroan, plataformei, europar edukien kuotak eta Estatuko edukien kuotak ezartzen zaizkie. Guk eskatzen dugu Estatuko edukiei zuzenduriko gutxieneko eduki horien artean (% 15), erdia gaztelerazkoak ez diren estatuko hizkuntzei gordetzeko. Katalanek ere eskaera hori egin dute. 

Halere, legezko kuotak ezartzen ez diren bitartean, noski, erakundeen eta enpresen arteko zuzeneko negoziaketa tartean sartzen da. Katalunian, esate baterako, zinemarako edukiak katalanez estreinatzera daude behartuta haur eta gazteentzat edukiak ekoizten dituzten multinazionalak; gainera, bikoizketarako dirulaguntza handiak ere badituzte; bi neurri horiei esker, Netflix eta Disney+ plataformetan gero eta eduki gehiago ikus daitezke katalanez. Katalanezko plataforma propioa ere badute, Filmin.cat. (…)

ELKARRRIZKETA OSOA IRAKURTZEKO: https://www.gazteberri.eus/?p=8874