2022ko martxoak 15
www.diariovasco.com
Plataformak 2022ko katalogoan euskarazko, katalanezko eta galegozko edukiak areagotzeko hartu duen erabakia, edonola ere, «ez da nahikoa» ekimenarentzat.
Netflix plataformak iragarri du euskararen, katalanaren eta galegoaren presentzia sustatuko duela 2022ko katalogoan, eta urtea amaitzen denerako 70 titulu ikusi ahalko direla plataforman euskaraz, galegoz, eta katalanez. Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak positiboki baloratu du Espainiako Estatuko Netflix plataformak egin duen iragarpena, eta «aurrerapauso bat» dela adierazi du, nahiz eta nahikoa ez dela uste duen.
Bada, Pantailak Euskaraz ekimenetik adierazi dutenez, «ezin daiteke jakin hizkuntza gutxituen aldeko hautu hau ekinbide propioz egin duten, hala tramitazio parlamentarioan dagoen eta 2023rako indarrean egotea espero den Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak ezarri ditzakeen betebeharrei aurre hartzeko egin duten».
Gainera, Pantailak Euskaraz-ek uste du Galiza, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko hizkuntza mugimenduek eta herri ekimen ezberdinek egindako lanak eta plataformei eta erakundeei egindako eskakizunek ere izan dutela bere eragina Netflixek hartutako erabaki honetan. Pantailak Euskaraz-ek, esate baterako, 20.000 sinadura baina gehiago bildu ditu Netflix Euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenen artean.
«Orain, Netflixek erabaki hau borondate onez hartu duela frogatzeko aukera aparta du: euren katalogoan dituzten, diru publikoz (ETBk edo Zineuskadik) euskarara bikoiztuta dauden, baina euskarazko audiorik gabe eskaintzen dituzten 70 film eta telesailak euskaraz ikusteko aukera txertatu dezatela lehen bai lehen», adierazi dute.
Dena dela, Pantailak Euskaraz-ek azpimarratu du Netflixek iragarritakoa ez zaiola nahikoa iruditzen, «euskararen presentzia %0,05etik %1,2ra igotzea pauso bat izan arren, euskarak anekdotikoa izaten jarraituko duelako eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun jarraitzen duelako».
Ildo horretan, urteko film eta telesailik arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta eskaintzea, eta katalogo osoa euskaraz azpidatzita eskaintzea da Pantailak Euskaraz-en eskaera. Halaber, nazioarteko enpresa handiak euskarazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzen hastea «albiste ona» dela aipatu dute, baina ohartarazi ezin dela euskararen presentzia «euren hautuan soilik utzi».
«Legez bermarazi behar da hau. Izan ere, aldeko hautua egin duten era berean egin dezakete bihar kontra, eta euskal gizarteak eta euskarazko bikoizketa eta azpidatzien sektoreak egonkortasuna eta epe luzerako bermeak behar ditu kalitatezko zerbitzua eman eta jaso ahal izateko», azaldu dute.
ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO:
https://www.diariovasco.com/culturas/pantailak-euskaraz-ekimenak-20220315134123-nt.html