Izaskun Rekalde Abasolo (Pantailak Euskarazeko kidea)
2022ko abuztuak 26
www.berria.eus
Urtebete pasako ibilbidea du Pantailak Euskaraz-ek, baina asko aldatu da egoera ordutik. Orain atzerriko ‘streaming’ plataformak euskarara bikoizten hasi badira ere, kideek argi dute lanean jarraitu behar dutela.
Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak Euskara saria eman zion atzo Pantailak Euskaraz egitasmoari. Proiektuaren kide da Izaskun Rekalde Abasolo (Usansolo, Bizkaia, 1977), baina, aitortu duenez, ez dauka denbora asko pantailetara begira egoteko; alaben euskarazko eduki eskaintza du buruan. Aipatu du meritua ez dela bakarrik eurena, baizik eta egitasmoa babestu duten guztiena.
Zelan hartu duzue saria?
Pozarren. Euskararen alde lan egiten duen erreferentziazko konpartsa batek gure egitasmoaren ibilbide laburra aintzatestea ohorea da guretzat.
Zein da zuen kezka nagusia?
Kanpotik datorkigun uholde kulturala ikaragarria da. Gainera, ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak ikaragarri aldatu dira, eta eredu berri horietan gure gazteek eta guk geuk ere kontsumitzen ditugun ereduak erdaldunak dira. Urtebete daramagu egitasmo honekin, eta sariarekin ikusi dugu kezka gizarteratzea lortu dugula; hau da, jendartea aktibatzea lortu dugula, eta aktibazio hori ondo ikusia izan dela Hau Pittu Hauren gisako konpartsa euskaldun baten begietatik.
Streaming plataformetan ipini duzue arreta. Zergatik?
Gure manifestuan hainbat puntu daude, eta streaming plataformena bat da. Egia da streaming plataforma pribatuen aldetik erantzun positiboa jaso dugula, baina uste dugu euskarazko eskaintzak oso zabala izan behar duela, euskaldunok ez dugulako osatzen merkatu segmentu bakar bat: batzuek nahiago dituzte streaming plataformetan estreinatzen diren superprodukzio arrakastatsuak, eta beste batzuek nahiago dituzte hemen bertan ekoitzitako filmak. Argi daukagu plataforma erraldoi horiek ez dituztela gure beharrizan guztiak asetzen. Ezin dira heldu gure nortasunera, gure lekukotasunekin eta hizkuntzarekin lotutako gaietara. Hori bertoko ekoizleek baino ezin dute egin.
Zer egin behar da, beraz?
Ezinbestekoa da erregulazioa aldatzea. Diru laguntza sendoak sortu behar dira bertoko ekoizpenak baldintza egokietan sustatzeko. Baita bikoizketak ere. Eskaintzak zabala izan behar du, eta kanpoko superprodukzioak kalitatez bikoiztea nahi dugu.
Badirudi Espainiako Ikus-entzunezkoen Legeak ez dituela derrigortuko Netflix, HBO, Prime Video eta Disney+ euskaraz ekoiztera edo bikoiztera. Oraintsu jakin da Prime Videok The Lord of the Rings: The Rings of Power-en lehen denboraldia euskarara bikoiztu duela. Fede on hutsagatik egin dute?
Ez dakigu zerk mugitu dituen plataforma horiek hautu hori egitera, baina guk oso begi onez hartu dugu erabakia. Albiste itzela da mundu osoan eragina izango duen superprodukzio hau euskaraz ikusi ahal izatea. Egia da beste hainbat film bikoiztu dituztela haien hautu propioz, eta uste dugu merkatu ikuspegia kontuan hartu dutela: gurearen gisako herri egitasmoei esker jakinarazi diegula zer nahi dugun. Kontua da guk arrisku bat ikusten dugula: orain horren aldeko apustua egin dute, baina erabaki dezakete datorren urtean ez egitea. Edo denboraldi hau euskaraz ateratzea, baina hurrengoak ez. Horregatik uste dugu legez bermatu behar dela gure hizkuntza eskubidea.
Egingarri ikusten duzue?
[Espainiako] Estatuko Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra aukera galdu bat izan denez, guk etxean badaukagu aukera Euskal Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren lege propioa abiatzeko, Katalunian eta beste leku batzuetan daukaten bezala, plataformei eta zinemei hizkuntza eskakizunak exijituko dizkiena. Legez bermatu behar ditugu kuota horiek.Euskarazko streaming zerbitzu bat eskatu duzue. EITBk iragarri du bat izango duela datorren urterako. Nahikoa izango da?
Guk euskara hutsezkoa izan dadila eskatzen dugu, eta ez da izango. Badakigu hizkuntza hegemoniko bat gutxitu batekin elkartzen denean hizkuntza hegemonikoak bultzatu egiten duela gutxitua. Ez dugu egoki ikusten euskara gaztelaniarekin eta frantsesarekin lehiatzea. Gure ekoizpen industria eta gure merkatua oso mugatua da baliabide eta tamaina aldetik, eta horrexegatik eskatzen dugu streaming plataforma hori elikatzeko diru laguntzak handiagoak izan daitezela.
Avel li Flors Mas soziolinguista kataluniarrak azaltzen du TV3 bikoizketak egiten hasi zenean askok ez zutela sinisten cowboyek eta indioek katalanez egin zezaketenik. Bai, ordea, espainolez. Euskaldunok ere arazo bera daukagu. Zergatik?
Ohitura kontua da, eta horietan eragiteko eskaintzak oso zabala izan behar du. Gure garaian, euskarazko eskaintza ikaragarria zen. Orain, lehengo Sandybell [Kaixo, Sandybell telesailekoa] edo Dragoi Bola erdaraz entzutea oso arraroa egiten zait, eta ohitura kontua da. Erabaki politikoek sortu dute egoera hori, eta horregatik exijitzen dugu berriz ere bikoizketetara bideratutako ordu horiek berreskuratzea, eta sektoreko lan baldintzak hobetzea, kalitatezko bikoizketa bat izan dezagun eskura. Baina ohituretan eskaintzak eragiten du; eskaintzarik ez badago, ezin gara ohitu horretara.
ELKARRRIZKETA OSOA IRAKURTZEKO: