URTZI URKIZU

2022ko irailak 6
www.berria.eus

ETBk ez du helduentzako filmik eman euskaraz azken hilabeteetan. Kexu azaldu dira Zinemak Euskaraz eta Administrazioan Euskaraz taldeak

Erlauntza da ETBk aurten eman dituen euskarazko film bakanetako bat. (Argazkia: BERRIA)

Ez da oraingo kontua. Azkeneko urteetan, ETBk baztertua du helduentzako zinema euskaraz emateko hautua. Gaztelaniaz eman ohi ditu filmak Euskal Telebistak, bere bigarren katean. Datuek begi bistan uzten dute egoera zertan den: ETB1ek azkeneko lau hilabeteetan ez du pelikula bakar bat ere eman. ETB3k emititu ditu haurrentzako zenbait pelikula. Baina azken hilabeteetan ETB2k 130 film eman ditu, guztiak gaztelaniaz, eta ETB1eko programazioan zinema desagertu egin da.

Ibon Iza irakasle eta ikus-entzunezkoetan lizentziatua Zinemak Euskaraz herri mugimenduko bozeramailea da, eta modu honetan definitu du auzia: «Negargarria eta kezkagarria da egoera. Ez dakigu zein den arrazoia, baina datuak oso esanguratsuak dira». Pantailak Euskaraz mugimenduko taldeetako bat da Zinemak Euskaraz. «ETB zinema gaztelaniaz ikusteko ohitura zabaltzen eta indartzen ari da, eta horrek asko arduratzen gaitu, ETB beste helburu batzuekin jaio baitzen», gaineratu du Izak.

Administrazioan Euskaraz taldeko Fermin Zabaltzak ildo berean gogorarazi du ETB sortzeko lanetan lehenengo neurria bikoizketa eskola bat sortzea izan zela. «1983tik 1986ra ETB euskaraz zen, eta filmak ere bai. 1986an ETB2 sortu zen, baina euskarazko fikzioa ez zen kolpean desagertu. 1990. urtera arte, behintzat, oreka zegoen euskarazko eta gaztelaniazko programazioan». Gaur egun, ordea, ez dela orekarik salatu du Zabaltzak. «Fikzio guztia ETB2n ematen dute, eta kirol guztia eta musika eta dantza ikuskizun guztiak ETB1en». Administrazioan Euskaraz taldeko ordezkariak uste du filmen erdiak ETB1en eman beharko liratekeela, baldin eta oreka bilatuko balitz.

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO: https://www.berria.eus/paperekoa/1861/017/001/2022-09-06/maiatzetik-hona-etb2k-130-film-eman-ditu-etb1ek-bakar-bat-ere-ez.htm