JULEN APERRIBAI

2022ko urriak 24
www.berria.eus

Azaroaren 11tik 18ra euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu eta sortuko dituzte parte hartzaileek. Pantailak Euskaraz taldeak antolatu du, euskalgintzako beste hainbat eragileren babesarekin.

Pantailak Euskarazek deituta Donostiako Zinemaldian egindako protesta. BERRIA 

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia urriaren gaineko larridura eta egoera aldarazteko beharra ozenduko du Pantailak Euskaraz taldeak, Euskaraldiaren testuinguruan. Pantailaldia egitasmoa antolatu du, euskararen erabileraren aldeko ariketa sozialaren bezperetan, azaroaren 11tik 18ra, «Euskal Herri mailako egitasmo horren sinergiak aprobetxatuz».

Euskarazko edukien kontsumoa areagotzea izango du helburuetako bat, taldeak ohar bidez azaldu duenez: «Telebistan, zineman, streaming plataformetan, Youtuben, bideojokoetan… dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunitate linguistikoan. Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena du, eta, beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu».

Baina, herritarren hautuan indarra egiteaz gain, horretarako zer zailtasun dauden ere azaleratuko du egitasmoak. «Euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea» izango da, horregatik, egitasmoaren beste helburua. Astebetez ikus-entzunezkoak euskaraz soilik kontsumitzeko eta sortzeko eskatuko diote parte hartzaileei: «Herritarrek horretarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta, erakundeen aldetik, euskararen presentzia eta erabilera ikus-entzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu».

Izena eman daiteke dagoeneko, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean dagoen formularioa beteta. Parte hartzaileei eskatuko diete ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean edo sortzean izandako bizipenak eta zailtasunak sare sozialetan jartzeko, #Pantailaldia traola erabilita, eta, horrez gain, euren profiletan Pantailaldiko logoa jartzeko. Gainera, bost lagunek konpromiso berezia hartu dutela jakinarazi du taldeak —Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko batek, eta Ipar Euskal Herrian beste batek—. Zazpi egunez euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen, sortzen eta sare sozialetan horren berri ematen ariko dira, aktiboki, eta, halaber, tokian tokiko komunikabideetan esperientziaren berri ematen saiatuko dira.

Gainera, egitasmoa egingo duten astean beste zenbait jarduera egiteko asmoa ere badutela aurreratu du Pantailak Euskaraz taldeak. Besteak beste, jakinarazi du azaroaren 13an protesta bat egingo dutela, euskaldunek zinemetan bizi duten «diskriminazioa» salatzeko.

Kanpaina Pantailak Euskaraz taldeak sustatu badu ere, euskalgintzako hainbat eragilek egin dute bat harekin: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Uemak, Euskal Herrian Euskarazek, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Euskal Encodingsek eta Game Erauntsiak.

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO: https://www.berria.eus/albisteak/219863/pantailaldia-antolatu-dute-astebetez-euskarazko-ikus-entzunezkoak-sustatzeko-ariketa-kolektiboa.htm