IRATI URDALLETA LETE

2022ko abenduak 1
www.berria.eus

Euskara bazterrean dago pantailetan ere: esaterako, Pantailak Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Eskatu du legez arautzeko euskarak pantailetan izan behar duen presentzia.

Zenbait aplikazio eta streaming plataforma, artxiboko irudi batean. BERRIA

Telebista kateen %6; zinema emanaldien %1; eta streaming plataformen %0,1. Horixe euskaldunek pantailetan eskura duten euskarazko eskaintza. Pantailak Euskaraz taldeko kide Alex Aginagaldek eman ditu datuak, baita kritikatu ere: «Euskarak nahiko presentzia eskasa du pantailetan».

Kopuruak beren kasa mintzo dira. Orotara, 50 telebista katetatik ETB1, ETB3 eta Hamaika Telebista —eskualde batzuetan, tokiko telebistak ere bai— baino ez dira euskaraz. Zinemetan, urteko zazpiehun bat filmetatik, Aginagaldek azaldu duenez, Euskal Herriko sortzaileek egindako bost-hamar dira euskaraz, eta Zinemak Euskaraz programaren bidez haurrentzat bikoizten dituzten beste hamar edo hamabi. Halere, streaming plataformei dagokienez, azken urtean aldaketak sumatu ditu: «Esango nuke oraindik ere 26.000 edukiren artean ehun eta piko direla euskaraz; ez da iristen %0,1era». Sare sozialetan ere, euskara bazterrean: «Youtuben eta horrelakoetan, euskararen presentzia txikia da; euskarazko kanalak oso gutxi dira. Igerian ibili behar da, bilaka ibili behar da».

Kantitatetik kalitatera. EITBn jarri du arreta Aginalgaldek: «ETB3n marrazkiak ikus ditzakete egun osoan, baina oso haur txikientzako eskaintza bat da, batez ere. Gainera, eskaintzen dituen edukiak ez dira punta-puntakoak, ez dira nazioarteko erreferenteak, Paw Patrol bezalakoak». Kontrara, eduki «onak» ere nabarmendu ditu: «Baditugu Pirritx eta Porrotx, Ene Kantak eta horrelako zenbait proiektu oso interesgarri kristoren kalitatezko edukiak eskaintzen dituztenak gure haurrentzako, baina gutxi dira».

Baina kalitatezko euskarazko edukiak ez dituzte haurrek soilik behar. Helduentzako ekoizpenetan ere talentua badagoela uste du Aginagaldek: «Ikusi dugu helduentzako fikzioa edo zinema euskaraz egiten duten hemengo ekoiztetxeak nola iristen diren Oskar sarietara, nazioarteko sariak irabaztera eta nazioarteko jaialdietan ibilbide bat egitera». Kopuruan ikusten du arazoa, ordea: «Gure herrian, milioi bat euskal hiztun gara. Euskaraz ikus-entzunezkoak egiten dituzten enpresak ez dakit hamar edo hogei izango diren, eta horiek urtean sortzen dituzten edukiak ez dira nahikoa egungo kontsumo ohiturak asetzeko». Hortaz: «Guretzat, funtsezkoa da nazioarteko eduki arrakastatsuenak ere euskarara ekartzea, hizkuntzaren normalizaziorako».

Ba al dago, ordea, horretarako borondate politikorik? Aginagalderen irudiko, «gutxi», nahiz eta iruditzen zaion «mugitzen hasi» direla orain. Nabarmendu duenez, gizarte mugimenduen eta hizkuntzaren bueltako mugimenduen «zalapartaren» fruitua izan da norabide aldaketa: «Plataformak gauzak bikoizten hasi dira, erakundeak ere mugitzen hasi dira, eta EITBk euskaran ardaztuko den plataforma bat iragarri du 2023rako, baina, hala ere, iruditzen zaigu oraindik ere erakundeak txikira jolasten ari direla; euskararen erronka hau handira jolasteko modukoa da».

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO:

https://www.berria.eus/paperekoa/1913/010/001/2022-12-01/euskara-pantailetan-lauso.htm