2023ko otsailak 3 – Julen Otaegi Leonet-ek berrian idatzia
Onartu zenetik aldaketak izan dira katalogoetan eta programazioetan, baina, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, oztopoak daude hizkuntza gutxituen presentzia biderkatzeko bidean. Plataformek «urratsak» egitea galdegin du.
Sei hilabete igaro dira uztailean Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Maiatzean onartu zuten. Legeak honako hauek betetetzera behartzen ditu telebistak eta plataformak, besteak beste: hizkuntza koofizialetan kuotak ezartzea, eta diru sarreren ehuneko bat hizkuntza horietan egindako lanetarako erabiltzea. Dena dela, bai legea onartu aurretik, bai onartu ostean eragileek haren gabeziak ekarri zituzten hizpidera: kuota «testimonialak», «nahiko anekdotikoak» zirela; legearen helburuak benetan lortzeko «galduriko aukera» zela… Funtsean, hizkuntza gutxituak «ikusezin» bihurtzen zituela Ikus-entzunezkoen Legeak.
Berez, legeak eragiten dien plataformek-eta urte hau dute aldaketa horiek guztiak egiteko; 11 hilabete, hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko. Aurrera begira baino, atzerabegirakoa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, beste hainbat eragilerekin batera —Pantailak Euskaraz eta Hekimen elkartea—.
Plataforma batzuk hasi dira euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki gero eta gehiago gehitzen, baina ohartarazi du atal batzuk ez direla betetzen ari, legea lege izan arren. Hura onartu aurreko fase guztietan egin zituzten proposamenak hizkuntza gutxituen aldeko eragileek, nahiz eta azkenean «betebehar txiki batzuk» ezarri zizkien erakundeei eta plataformei. Hori bermatzeko gai ere ez da legea, «ezarritakoak ez betetzeko zirrikitu ugari zabalik» utzi baitzituzten testua osatzean.
Horiek horrela, Kontseiluak eta beste eragileek eskatu dute «legea betetzeko urratsak egin ditzatela, euskarak duen presentzia biderkatzeko». Zehazki, Espainiako Gobernuari, RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri —baita streamingplataformei ere—.
Oraindik ere bete gabe dauden atal horiek zerrendatu ditu Kontseiluak. Lehena: «RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta hauen katalogoetan edukiak […] autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara […] bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko du»; baita publiko orokorrari zuzendurikoak ere. Bigarrena: baldintza batzuen pean, streaming plataformek «hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte». Hirugarrena: plataforma horiek «hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte». Atal horiez gain, desgaitasunak dituztenen irisgarritasuna bermatzeko artikuluak, edukiak euren hizkuntza ofizialean bermatzeko, ez dira betetzen ari, Kontseiluaren arabera.
Ez da ezer berririk urte erdiko hausnarketan: legea onartu zutenean ere, hizkuntza gutxituen aldeko hainbat talde Espainiako Diputatuen Kongresu parean bildu ziren. Aurretik, testua osatu bitartean egin zuten presio lana «erabakigarritzat» jo zuten. Emaitza, ordea, «oso eskasa»; legeak «eskubideen urraketa betikotu»zuela salatu zuten maiatzean Euskalgintzaren Kontseiluak, A Mesak, Plataforma per la Llenguak eta Iniciativa pol Astunianuk.
2022 amaiera aldera ere, Euskaraldiaren harira, Pantailak Euskaraz taldeak agerian utzi zuen streaming plataformetan euskarak zuen gabezia: haren arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Honako erreportaje hau ondu zuen gaiaren inguruan BERRIAk orduan: Euskara, pantailetan lauso.
ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO: