- 2022an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak izan duen presentzianeurtu dugu Pantailak Euskarazen: %1,99.
- Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela eta, neurriak eskatuditugu Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta herritarraksalaketak jartzera animatzen ditugu.
Joan den ostiralen iritsi zen zinema aretoetara IRATI, Paul Urkijoren filma. Gertaera honek euskal
ikuslerian sortu duen poza eta itxaropena probestu nahi dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz
Eskubideen Behatokiak 2022. urtean zinemetan egon den euskarazko eskaintzari errepasoa egiteko:
datu adierazgarria da, besteak beste, 2022 osoan zehar ez zela euskarazko fikziozko film bakar bat
ere estreinatu.
Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak 2022an Hego Euskal Herriko zinema
komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu ditu, eta datuak
gordin bezain kezkagarriak dira: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara
azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da %2ra iritsi. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita,
berriz, filmen %100 eskaini dira.
Hauek dira 2022an Hego Euskal Herriko Zinema Komertzialetan estreinatu diren filmak, hizkuntzaren
arabera:
GAZTELERAZ (edo gaztelerara azpidatzita) estreinatu diren filmak: 751.
EUSKARAZ estreinatu diren filmak: 15. Honakoak izan dira:
*Jatorriz euskarazko bertsioan eskaini diren euskal ekoizpenak:
- Orkestra Lurtarra (Imanol Zinkunegi/Joseba Ponce, Animazioa, 2022 Apirila)
- 918 Gau (Ainara Santesteban, Dokumentala, 2022 Iraila)
- Yoko oporretan (Juanjo Elordi, Animazioa, 2022 Abendua)
- Black Is Beltza II: Ainhoa (Fermin Muguruza, Animazioa, 2022 Iraila)
*Zinema Euskaraz programa (Eusko Jaurlaritza, Zineuskadi) bitartez euskarara bikoiztuta eskaini
diren haurrentzako filmak: - Ilargirantz (2022 Urtarrila)
- Ainbo (2022 Otsaila)
- Barraskiloa eta balea (2022 Martxoa)
- Ama Mu etxera itzuli da (2022 Maiatza)
- DC Supermaskoten Liga (2022 Uztaila)
- Izurde Mutikoa (2022 Iraila)
- Unicorn Wars (2022 Urria)
- Hopper Oilasko-Erbia (2022 Urria)
- Gabi (2022 Azaroa)
*Euskarara bikoiztuta eskaini diren nazioarteko beste film batzuk: - Nire Zirkua (2022 Azaroa)
- Rabbit Academy (2022 Abendua)
*Jatorriz elebidunak edo eleanitzak eskaini diren beste euskal ekoizpenak: - Ainarak (Ritxi Lizartza, Dokumentala, 2022 Azaroa)
- Kepa Junkera Berpiztu (Fermin Aio, Dokumentala, 2022 Abendua)
751 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 4 filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 11 eskaini
dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste 2 izan dira. Beraz, azken hauek kanpo utzita,
estreinaldien %1,99 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi
gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten pase kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere
txikiagoa izaten dela, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are
txikiagoa litzateke: %1ekoa. Ipar Euskal Herriko egoera, berriz, okerragoa dela pentsa daiteke, datu
zehatzik eskuratu ez den arren.
Egia da hainbat udalerritako erakundeen eta kultur kudeatzaileen lanari esker, hauetako udal areto,
kultur etxe, eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan duela, baina ikerketa honetan
hiriburuetako zinema komertzialeko datuak aztertu dira, hauek baitira ikusle gehien dituztenak.
Nekez uler daiteke bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak
horrela ukatzea eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubidea mugatzea. EAEko 10/1982 Legeak,
Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera
hedabideetan) dio «Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian
berdintzeraino» besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan» (25. artikulua). Lege
honek 40 urte egin ditu, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen.
Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari
kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio, eta Erregio edo
Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste
hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak
erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu
eta garatuko da».
Legeak eta baliabideak behar ditu euskarak
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela
herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da
euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta
Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen,
bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz
eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming
plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen
normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari
etorkizun duin bat ziurtatzeko.
Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta
euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko
eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzera