2023ko maiatzak 16 – Euskaltzaindia-k idatzia. Izaskun Ibarraren kronika.
Maiatzaren 4an, euskarazko streaming plataforma batek nolakoa izan beharko lukeen irudikatu zuten, Iruñean, ikus-entzunezkoen alorreko adituek, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak elkarlanean antolaturiko jardunaldi batean. Bertan, plataforma sendo baten beharra aldarrikatu zuten guztiek: euskarazko ekoizpenak zein nazioarteko eduki arrakastatsuak euskaraz ikusteko aukera emango duena eta “euskal komunitatearentzat erreferente bihurtuko dena”. Horretarako, Europako araudia eta Espainiako legeria aztertu zituzten, Kataluniako eredua ezagutzeko parada izan zen, eta aurrerantzean eman beharreko pausuez aritu ziren hizlariak.
Gure bizimodua geroz eta lotuago dago mota guztietako pantailei. Orduak eta orduak ematen ditugu pantailen aurrean, egunean 14 ordu, zenbait ikerketek diotenez. Mugikorra, ordenagailua, tableta, telebista, bideo-jokoak… Gure aisialdian ezinbesteko eta nagusi bihurtu dira. Aldi berean, ikus-entzunezkoen edukiak kontsumitzeko modua aldatu egin da erabat azkeneko urteotan. Eredu berri horretan, zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek? Bada, galdera horri erantzuten saiatu ziren zenbait aditu Iruñeko Kondestable Jauregian egin zen mintegian.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko lehendakariak euren kezka azaldu zuten harrera-hitzaldian. Alemanen esanetan, “Euskal Herri osoan badago kezka handia, euskarak pantailetan izan duen erreferentzialtasuna lausotzen ari baita. Hori aztertzeko gaude hemen”. Diez de Ulzurrunek gaineratu zuenez, “euskara hankamotz dabil alor honetan, herren, oso herren, eta gaur bultzadatxo bat eman nahi genioke erronka honi”.
Jon Artatxo IBAIA Ekoizle Independenteen Elkarteko zuzendariak legeriak zer dioen aztertu zuen aurrenekoz. Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak lege-maila duela azpimarratu zuen, eta gogorarazi zuen Espainiako Estatuak euskarazko ikus-entzunezko lanen ekoizpena eta zabalkundea sustatzeko betebeharra duela. Ikus-entzunezko Zerbitzuen Zuzentarauak, halaber, kultur eta hizkuntza dibertsitatea sustatzeko agintzen duela gaineratu zuen. “Hala, emankizunetan eta katalogoetan dibertsitate hori sustatzen ez duten eskaintzaileek zuzentarau horren aurka ere egiten dute. Hortaz, ez gara ari asmo onez edo borondate politikoz, legea betetzeaz baizik”, argitu zuen Artatxok. Eta gogoratu zuen, Espainiako Estatuko lege berriak dioenez, “autonomia erkidegoek derrigorrezko kuotak areagotu ditzaketela haien eskumenen pean dauden eskaintzaileentzat”. Bere esanetan, “ikus-entzunezkoetan hizkuntza gutxituak babesteko legeak ezartzea ezinbestekoa da, merkatuak, berez, ez baitie lagunduko”.
Bestetik, euskarazko ikus-entzunezkoen erronka nagusiez aritu ziren Alex Aginagalde (Pantailak euskaraz) eta Urtzi Urkizu Berriako kazetaria. Aginagaldek argi du egoera larria dela euskararentzat. “Zenbat eta plataforma gehiago, orduan eta aukera gutxiago euskaraz edukiak ikusteko. Kopuruei erreparatzea besterik ez dago. Gazteen kasuan, gainera, oraindik okerragoa da kontua”. Horrexegatik, euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzeko eskatu zuen”. Bere irudikoz, “behar-beharrezkoa da euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak biltzen dituen plataforma bat, euskaldunon streaming plataforma nagusia bihurtuko dena”.
Urtzi Urkizuk adierazi zuen ikus-entzunezkoen arloko estrategia eraginkor baten hutsunea antzematen duela euskararentzat, erakunde publikoek bultzatu beharko luketen estrategia eraginkor baten falta, alegia. Kazetariaren iritziz, arautu daitekeen guztia arautu beharko litzateke, eta “euskara erdigunean jarriko duen legea aurrera eraman”. Horrekin batera, funtsezkotzat jo zuen ikus-entzunezkoeen agintaritza independentea abian jartzea, egun indarrean dauden legeak eta dekretuak betetzen diren ala ez kontrolatzeko”.
Kataluniako eredua
Kataluniako eredua ezagutzeko aukera izan zen ondotik. Jaume Ripollek Filmin.cat plataformaren esperientzia azaldu zuen bideo-testigantza batean. Streaming plataforma horretan, 5.000 titulu dituzte katalanera bikoiztuta edo katalanezko azpitituluekin. Euskaraz, berriz, gutxi batzuk. Zergatik? Ripollek azaldu zuenez, 2017an, GeneralitateakFilmin.cat-en ideiaren alde egitea erabaki zuelako, “katalanezko filmak eta telesailak ez ezik, berezko ildo editoriala eta komunikazio eta marketin-kanal propioak ere izango zituen plataforma bat bultzatu zuten. Eta, horri esker, gaur egun pribilegiozko posizio batean gaudela esan dezakegu, Filmin.cat-ek milioi ikusle goiti izan baititu Katalunian. Zifra errekorra da guk eskaintzen dugun edukia aintzat hartuta”.
Izan ere, paradigma aldaketa izan da Katalunian azken urteotan, ICEC Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko presidentea den Francisco Vargasek azaldutakoaren arabera. Kataluniako Generalitateak bikoiztu egin zituen joan den urtean katalanez egindako filmei emandako dirulaguntzak. 14,2 milioi bideratu zituen film luzeak egiteko eta 7,8 telesaioak ekoizteko. Gainera, katalanez sortutako filmentzako dirulaguntza 1,5 milioikoa ere izan daiteke. Vargasen hitzetan, “urtean lau edo bost film izan nahi ditugu katalanez, 2,7 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, nazioartean ikus daitezen”. Horrexegatik, koprodukzioak indartu nahi dituzte, beti ere jatorrizko bertsioa katalanez dituzten ikus-entzunezko lanak.
Euskarazko streaming plataforma
Azkenik, euskarazko streaming plataformaren etorkizunaz aritu ziren bost aditu Miren Mindegia kazetariak moderatu zuen mahai-inguruan: Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Xabier Alkiza BIEUSEko bikoiztailea, Gaizka ArangurenNapar elkarteko lehendakaria, Eki Pagoaga Kanaldude-ko zuzendaritza taldeko kidea eta Iban Arantzabal Tokikom-eko presidentea.
Primeran plataformaren aurkezpen-bideoa erakutsi zuen estreinakoz Unai Iparragirrek, “Ikus-entzunezko edukirik ez duen herri batek ez dauka kontakizunik” leloaren ildoan. EiTBko edukiez gain, euskarari eta Euskal Herriari buruzko edukiak eskainiko ditu plataforma berriak: filmak, telesailak, nazioarteko fikzioa, dokumentalak eta dibulgazio programak, besteak beste. Iparragirreren hitzetan, “gaur egun, herri batek ez du etorkizunik tokiko produkziorik gabe. Primeran Euskal Herriaren ikus-entzunezkoen kontakizuna izan dadin nahi dugu”. Ildo horretan, Gaizka Arangurenek (NAPAR) gaineratu zuen Euskal Herri mailako ikuspegia ez dela inoiz galdu behar: “Euskaldunon masa kritikoa ez da handia; euskal edukietara joateko leihoa izan beharko litzateke streaming plataforma hori”.
Eragile, proiektu eta ekoizle desberdinen arteko sarea sortzea ezinbestekotzat jo zuten mahaiko aditu guztiak. Tokikom-eko Iban Arantzabalen ustez, tokiko proiektuak, euskal hedabideak eta EiTB euskaratik batuago jarduteko beharrean daude. “Hedabide txikiek bat egin beharko lukete xede horrekin, EiTBrekin elkarlanean. Bada momentua eragile guztiak kontuan hartu eta gauzkak elkarren arrimura egiteko”. Izan ere, bere irudikoz, gauzak ongi egiteko modu askotako edukiak behar dira, jende askorengana heltzeko modukoak, “gazteak, ez hain gazteak, jubilatuak eta behar besteko kolore ezberdinetako jendea. Horretarako inor ez dago soberan”.
Plataforma horretan, hizkuntzen tratamendua zein izan beharko litzatekeen zehaztu zuten. Bikoizketaren garrantziaz mintzatu zen BIEUSE bikoiztaile elkarteko Xabier Alkiza: “Eragile ezinbestekoak gara streaming plataforma bat elikatzeko. Plataformetan euskara entzun nahi badugu, sektorea indartu egin beharko da. Kanpoko ekoizpen potoloak behar ditugu gurean ere, eta horretarako bikoizle txukunak behar dira”.
Bestalde, Kanaldude-ko Eki Pagoagak Ipar Euskal Herriko ikuspuntua jarri zuen mahai gainean. Mugak ekartzen dituen zailtasunak aipatu zituen lehenengo, estatu bietan −Espainian eta Frantzian−, legeria desberdina baita. “Film baten eskubidea erosten dugularik, Frantzian zabaltzeko baimena ematen digute, beraz, Hegoaldeko ikusleek ezin dute ikusi. Eromena da, gutxi gara eta gutxi horiek banatuta”. Euskara eta euskalkiekiko kezka ere azaldu zuen Pagoagak: “Euskara biziki anitza da eta bada lanketa bat egiteko, ze motatako euskara eskaintzen dugun, bikoizketa lanetan orain arte erabili den euskara estandarizatua, edo euskalkiak diren kontutan hartzekoak”.
ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO: