2023ko maiatzak 21 – Urtzi Urkizuk berrian idatzia
Iruñea, maiatzaren 4a. Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak elkarlanean antolaturiko jardunaldi batean ikusi ahal izan zen aurreneko aldiz Primeran plataformaren promozio bideoa. Leloa: «Ikus-entzunezko edukirik ez duen herri batek ez dauka kontakizunik». Argiak eta ilunak badira plataformaren iraileko estreinaldiko ortzi mugan.
Aurretik, ICEC Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko presidente Francisco Vargasek eman zuen datua: katalanezko telesailak egiteko 7,5 milioi euroko laguntzak emango dituzte aurten. Apustu bat ikusten da hor.
ETB1ek helduentzat eman zuen azkeneko euskarazko telesaila Beti mugan izan zen, 2021eko udan —atal bat errepikatu egin zutenez, bosgarrena ezin izan zen telebistaz ikusi—. Orduz geroztik, haurrentzako bi telesail badira, eta pozgarria da ikustea harrera beroa dutela neska-mutikoen artean. Bestalde, ikusle guztientzat, Itxaso telesaila grabatua dute —zuzendariak ez daki euskaraz—, eta Primeran plataformaren spotean ageri da. Han ikusi ahalko da, irailean hasita.
Bideoan, Irati filmeko irudi batzuk ere ageri ziren, baina Paul Urkijoren lana Amazon Prime Videon dago ikusgai, eta hala izango da datozen hilabeteetan. Hau da, promozio bideoan ageri bai, baina Irati ez da helduko EITBk abian jarriko duen plataformara 2024ko udazkenera arte.
Unai Iparragirre ETBko zuzendariak Iruñeko jardunaldian iragarri zuenez, plataformarako bidelagun batzuk izan nahi dituzte; tartean, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia. Tokikom elkartea ere bai. Eta bigarren txandan, Kanaldude eta beste batzuk. Hor piztu daitezke argitasun izpi batzuk, eta espero daiteke lankidetza horien onurak epe ertainean iristea. EITBko zuzendaritzakoek behin baino gehiagotan esan baitute Primeran ez dela soilik EITB taldearen plataforma izango. Publikoa baita, berez.
Beste argi izpi bat, hau: Primeran plataforma mundu osoan ikusi ahalko da, estatuen muga gaindituz. Eta, txikia bada ere, argi izpi bat da Eskandinaviako Viaplay plataformarekin EITBk egindako akordioa ere: Primeran-en Eskandinaviako edukien 400 ordu inguru txertatuko dituzte —jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko dira—.
Atzerriko fikzioaren eskaintzari dagokionez, ordea, ETBko zuzendariak adierazi zuen ez dela egingo euskarara bikoiztutako edukien aldeko apusturik. Entzule batek Iruñean galdetu zuen ea ETBk atzerriko filmak gaztelaniaz bikoiztuta ematen jarraituko ote duen, eta Primeran ere hala izango den. Iparragirrek erantzun zuen ETBk egin izan dituela «esperimentuak», baina atzerriko fikzioak euskaraz ez dituela ikusle datu onak lortzen, eta ez dela «diru publikoa erabiltzeko modurik onena». EITBk bi hamarkada baino gehiago daramatza politika horrekin, eta bistan da erabakia ez dela Iparragirrerena izan. Bestea da ea Eusko Jaurlaritzak eta EITBko zuzendaritza nagusiak hutsune horri buelta eman nahi dioten ala bere horretan utziko duten.
Badira euskaltzaleak egoera horrekin kezkatuta —bikoiztaileen sektorearen suntsiketa beste egun baterako utzi beharko da—. Eta, horren erakusgarri, atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten EITBren Bilboko egoitzaren aurrean, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz lelopean. Jatorrian deialdia (H)Itzartu EITB talde txikiak egin zuen —2021eko abenduan sortu zuten, eta dozena erdi lagunek osatzen dute—, baina euskal komunitateko eragile eta egitasmo batzuek bat egin zuten protestarekin. Bada zerbaiten seinale. Eta EITBk, Primeran plataforma onduz eta osatuz joateko Euskal Herriko askotariko eragileekin lan egiteko asmoa azaldu duenez, ez legoke sobran atzoko protestarekin bat egin zuten taldeekin ere elkarrizketak abiaraztea —tartean, AEK, EHE, ELA, Bieuse, Mangaberri eta Arnas Dezagun—. Denen desioa izango baita ikus-entzunezkoetan euskarazko eskaintza aberatsagoa egitea. Denen mesederako izan daiteke elkar entzutea.
Zeren iritsiko da aurtengo iraila, Primeran plataforma zabaltzeko kanpaina batekin. Iritsiko da Primeran, Irati gabe eta euskarara bikoiztutako helduentzako filmik gabe. Bidenabar, ETB markarekin mesfidati dauden euskaldun askoren ezikusiarekin. Hartaz, garai aproposa izan daiteke politika batzuk zorrotz aztertu eta berrikusteko.
Ikusi gehiago: Primeran iritsi bitartean (I)
ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO:
https://www.berria.eus/paperekoa/1953/041/001/2023-05-21/primeran-iritsi-bitartean-ii.htm