2023ko irailak 10 – berria-k idatzia. Edurne Begiristainen kronika.

Hainbat eragilek kanpaina bat abiatu dute EITBri eskatzeko euskarazko edukiak lehenets ditzan 

Euskal Herriko hainbat eragilek «kezka» agertu dute Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. Uste dute EITBren telebista kate eta irratietan gaztelerazko edukiei lehentasuna ematen zaiela, eta, euskara, aldiz, «zokoratuta» dagoela. Hori dela eta, EITBri galdegin diote euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde «gidoia aldatzeko», eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, duin, eguneratua eta erakargarria» osatzera premiatu dute.

Euskal Herri osoko 31 eragilek bat egin dute eskaerarekin. Atzo, agerraldi jendetsua egin zuten Gasteizen, eta iragarri zuten Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina abiatuko dutela Eusko Jaurlaritzari eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. «Masa kritiko sendo bat artikulatu nahi dugu euskara eta euskarazko kultura erdigunean jarriko dituzten politiken alde», adierazi zuten. Horretarako, Euskal Herri osoko gizarte eragile eta norbanakoekin bilduko dira, eta sinadura bilketa abiatuko dute Change.org plataforman atxikimendu gehiago batzeko.

Era berean, iragarri zuten Eusko Jaurlaritzarengana eta alderdi politikoengana joko dutela datorren urteko kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat har ditzaten. Kanpaina borobiltzeko, manifestazio batera deitu dute datorren urteko maiatzaren 18rako. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik irtengo da, 17:30etik aurrera. Aldarri argia izango du: euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITBren alde egitea.

EITBk azken urteetan hartu duen norabideak arrangura eragin die kanpaina sustatu duten eragileei. Iritzi diote sorrerako helburuak «baztertu» dituela, eta «Espainiako markoa» gailendu dela guztiz: «Gaztelerak eta gaztelerazko telebista eta irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean; euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu dira».

Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina aurkeztu zuten  Gasteizen.
Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina aurkeztu zuteN Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU 

Halaber, salatu dute «hanka sartze larria» dela Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik euskarazko ikus-entzunezkoetara baliabide gutxi bideratzea. Azpimarratu dute EITBri dagokiola herritar guztiei euskarara sarbide unibertsala bermatzea, eta hartarako, «sendo» behar duela, euskara lehen hizkuntza hartuta, euskal kulturan ardaztuta eta herritarrentzat «erreferentzia» bilakatuta.

Zineman eta streaming plataformetan ere, lehengo lepotik burua, eragileen ustez. Erakundeei eskatu diete lan egiteko euskarazko edukiek euskarri guztietan tokia izan dezaten: «Estrategikoa deritzogu euskarazko eskaintza duina jendea dagoen tokietara eramateari: telebistara, zinema estreinaldietara eta, bereziki, streaming plataformetara».

Aurrekontuaren %5

Horiek hala, hainbat eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Batetik, galdegin diote Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzeko, euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko eta zinema eta plataformetako edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerro propioak sortuta. Halaber, premiazkotzat jo dute, besteak beste, EITBk urtean edukietara bideratutako diru sailaren %75 euskarazko programetara zuzentzea; helduentzako film eta telesailen emanaldien erdiak gutxienez euskaraz eskaintzea eta Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea.

Inklusioaren eta hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik, berriz, azpidatzien erabilera politikak diseinatzea eta horiek orokortzea eskatu dute. Uste dute funtsezkoa dela zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak «iraunkorki sustatzea», eta baita euskaraz sortu, bikoztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa «babestea, zaintzea eta hedatzea» ere.

Horrekin batera, euskarazko kulturak eta sortzaileek EITBn «lehentasunezko tokia» izateko eskatu dute, eta sarean dauden plataformetan euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egitea.

Orobat, euskarazko bideojokoen alde egiteko eskatu diote EITBri. Besteak beste, bideojokoen industriarekin harremanak sortzea eta lan egitea proposatu dute, euskararen presentzia bermatze aldera. Eta lehentasunezkotzat jo dute lan egitea sektoreko puntako enpresen bideojoko kontsolek eta gailuek euskara interfaze grafikoan txertatu dezaten, eta dendetan euskara etiketa berezituarekin ager dadin.

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO:

https://www.berria.eus/paperekoa/1943/009/001/2023-09-10/euskarazko-ikus-entzunezkoen-eskaintza-duina-aldarrikatu-dute.htm