2023ko abenduaren 3a – Urtzi Urkizuk berrian idatzia

Euskararen Eguna zen, Parisen, duela 70 urte. Andre Madre Hazparnen (Lapurdi) jaiotako Frantziako armadako jeneralak Teodoro Hernandorenari entzun zion euskaraz filmatu behar zela. Hori entzunda, jeneralak gogoratu zuen gaztetan Euskal Herria agertzen zen film batek eragin zion emozioa. Euskal Herriari buruzko film bat egiteko erabakia hartu zuen orduan Andre Madrek: Gure Sor Lekua lan amateurra. Hazparnen bertan, 1956an estreinatu zuten. Eta munduko beste toki batzuetara bidaiatu zuen gero; besteak beste Senegalen eta Ameriketan ikusi zuten euskaldunek. Josu Martinezek Gure Sorlekuaren bila dokumentalean —Primeran plataforman ikusgai— kontatzen du nola ibili zen film haren bila. Parisen ere aurkitu zuela, Madreren alargunaren etxean. Baina euskarazko audioa ez da inondik ageri oraino. Hortaz, Euskal Herrian badago gordeta euskarazko lehen filma, baina ezin da euskaraz ikusi. Ikus-entzunezkoetan euskarak bizi izan duen tragediaren erakusle argigarria. Ez bakarra, ordea.

Martinezek berak bi film aurkeztu zituen Donostiako azken zinemaldian: Mirande, film bat egiteko zirriborroa eta Bizkarosoro. Miranderen inguruko filmaren oharrak, beste egun baterako. Gaur, Euskararen Eguna, Bizkarsoro alegiazko herrira begiratzeko egun aproposa. Euskararen desagertzea nola eragiten duten kontatzen du Bilboko zinemagileak bost istorioren bitartez. Kolonialismo bortitzaren erakusle zorrotzak dira, hizkuntza txiki baten kontrako kolonialismoak zein arma erabiltzen dituen argitzen dutenak.

XX. mendeko bost istorio, beraz, Bizkarsoron. 1914: emakume bat gutun baten esperoan bizi da —Lehen Mundu Gerran borrokan da senarra—; 1921: haurrek Anti izeneko makila baten bidez ikasten dute eskolan —irakasleak euskaraz hitz egiteko debekua ezarri die—; 1940: nazi alemaniarren okupazioan, Francorengandik ihesi Hego Euskal Herritik etorritako euskaldunak desagertzen dira; 1966: lau gaztek hitz batzuk aurkitzen dituzte mendian lurperatuta; 1982: guraso talde batek bere haurrentzat euskarazko eskola bat sortzen du.

Bost istorioek XX. mendea laburbiltzen. Hizkuntza baten eta kultura oso baten galtzea nola gertatzen den jasotzen du fikziozko filmak. Badu gaurkotasunik, euskararen kontrako oldarraldiak —epaitegietan, administrazioan, hezkuntzan…— gupidarik gabe zabalduak baitira egun, XXI. mendean. Euskal Herriko ikastetxe guztietan proiektatu beharreko filma litzateke Bizkarsoro. Hezkuntza eredu bat ala bestea jaso, Euskal Herriko herrialde batean ala bestean bizi, ikasle guztiek ezagutu beharko lukete zer bizi izan duen euskarak Martinezen filma ikusiz eta aztertuz.

Bada hitz bat 1966. urtean girotutako istorioan ageri dena, biziki ederra; istorioko neska protagonistek lurperatuta aurkitzen duten poxpolo kutxa baten barnean idatzita ageri da hitz hori: Aurrindu. Eta ondo pentsatzen jarrita, Euskal Herrian ikus-entzunezkoek aurrindu egin behar dute bizi dugun garaira. Aurrindu behar dute euskaratik eta euskaraz. Behar dute erakundeek horretan indarra jarri, hizkuntza galdu ez dadin. Ez dadin hizkuntzaren erroiztea iritsi, Bizkaroso-n gertatu gisan.

Zeren pantailen benetako errealitatea duela egun batzuk Juan Luis Zabalak X sare sozialean idatzi zuen mezuan aurki baitaiteke: «Oldarraldia aipatzen ari gara egunotan, eta ondo dago protesta hori. Baina ikus-entzunezkoen alorrean egunero eta ordu oro bizi duguna bai dela benetako oldarraldia, benetako inbasio diglosiko isil, goxo eta efikaza». Kasik oharkabean pasatzen den inbasio diglosikoa, Aldatu gidoia ekinbidea eta Pantailak Euskaraz mugimendua bezalakoak matraka ematen ez balira ari. Portzierto, Izaskun Rekalde zena omenduko dute gaur, Galdakaon (Bizkaia).

Zineuskadi

Oldarraldiak ez dira soilik hizkuntzari buruzkoak ikus-entzunezkoen arloan. Ikus-entzunezkoetan lan egiten duten erakunde publikoetan bada zer arakatu; esate baterako, gardentasun gutxikoa da Zineuskadik atera berri duen lanpostua: Film Basque Countryko teknikaria. Lan bila bazabiltzate, ezin duzue jada aurkeztu: azaroaren 21ean argitaratu zuten deialdia, eta abenduaren 1ean amaitu da. Zineuskadiko eta Basque Audiovisualeko webgunean zein sare sozial nagusietan ez dute lanpostuaren berri eman. Eta, gainera, aintzat hartu behar da badirela hiru Film Commission —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Eta lanpostua atera zen egunean bertan izan zutela Film Commision horietako arduradunek Film Basque Countryren teknikariaren deialdiaren berri.

Gainontzean, dena ondo. Euskararen Eguneko ekitaldiez gozatzera, beraz.

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO:

https://www.berria.eus/komunikazioa/analisia-komunikazioa/oldarraldien-zaparrada-etengabea_2117001_102.html