Mundu horretan «euskararen presentzia gero eta txikiagoa dela ikusita», hamar neurri proposatu dituzte Euskal Herri osorako, «arloa bere osotasunean legez arautuko duten Ikus-entzunezkoen Lege propioak» barne
DIARIO VASCO. Abenduak 4, larunbata
Euskal liburu eta diskoei ikusgarritasuna emateko sortu bazen ere, sorkuntza eta kulturgintzaren beste arlo batzuetara joan da zabaltzen Durangoko Azoka, eta gaurko gizartean horren eragin handia duen ikus-entzunezkoa ezin salbuespena izan. Ikus-entzunezkoak gune propioa du Azokan, Irudienea, eta bertan aurkeztu du Pantailak Euskaraz mugimenduak ‘Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua’, euskalgintzako, hezkuntzako eta ikus-entzunezkoen arloko eragile askoren atxikimendua jaso duena. Horrez gain, une honetan pil-pilean dagoen Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren tramitazioaren inguruko irakurketa ere egin du.
«Geroz eta anitz eta zabalagoa den ikus-entzunezkoen munduan euskararen presentzia gero eta txikiagoa dela ikusita, eta egoera honek euskaldunon orainean eta, batez ere, etorkizunean izan ditzakeen ondorio konponezinekin arduraturik, gure hizkuntzan bizi ahal izango garen etorkizun bat ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak» proposatu dituzte manifestua sustatu duten eragileek, gogoratuz indarrean dagoen legediak aipatzen dituela «ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan jasotzeko herritarrok dugun eskubidea eta erakundeek hau bermatzeko duten betebeharra».