IURRE BIDEGAIN

kazeta.eus
2022ko urtarrilak 22

Espainiar Estatuko Amazon Prime plataformaren ekoizpen berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko azpidatziak eta bikoizketak izanen dituzte. Berria txalotu eta legez bermatzea galdegin du Pantailak Euskaraz dinamikak. Ikusteke dago, ekoizpenez gozatzen ahalko duten Ipar Euskal Herriko ikusleek.

Amazon Prime plataforman euskara bikoiztuak diren, baina audiorik ez duten film eta telesail guztiak euskaraz ikusteko aukera txertatzea galdegin du Pantailak Euskaraz dinamikak. (© Flickr)

Gaur egun, Amazon Prime Video plataforman euskarazko audioarekin eta azpidatziekin soilik bi film daude, biak «Dragoi Bola»-renak. Hemendik aitzina proposamen zerrenda garatuko litzateke, espainiar Estatuko plataformako ordezkariek egindako iragarpenei segika. Hain zuzen, iragan astean, Estatu horretako plataformako zuzendariak iragarri du «Amazonen Espainiako film eta telesail original berriak euskarara, katalanera eta galegora azpidatzi edo/eta bikoiztuko» dituela.

Zuzendariak berretsi du plataformaren borondatea euskaraz, katalanez eta galegoz edukiak ikusi ahal izatea dela. Orain arte entzungabeko adierazpenak dira.

Euskarak pantailetan duen presentzia indartzeko Pantailak Euskaraz desmartxan bilduak diren herri ekimen eta eragileek Amazon Prime Videoko plataformaren zuzendariaren hitzak txalotu dituzte. Hala ere, ez dute bere arrangura gorde: «Ezin daiteke jakin hizkuntza gutxituen aldeko hautu hori ekinbide propioz egin duten ala 2022an tramitazio parlamentarioan dagoen eta 2023rako indarrean egotea espero den Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak ezar ditzakeen betebeharrei aurre hartzeko egin duten».

Pantailak Euskaraz dinamikaren aburuz, aukera aparta dute orain beren borondate ona agerian uzteko. Lehen urratsa litzateke euskara bikoiztuak diren baina audiorik ez duten film eta telesail guztiak euskaraz ikusteko aukera txertatzea. Adibidez, «Ballerina», «Playmobil Filma», Hirukiak marrazki bizidunetako telesailak edo Dora Esploratzailea.

Hala ere, funtsezkotzat jo du erabakia legez bermatzea. «Euskal gizarteak eta euskarazko bikoizketa eta azpidatzien sektoreak egonkortasuna eta epe luzerako bermeak behar ditu kalitatezko zerbitzua eman eta jaso ahal izateko».

2022. urteari begira espainiar Estatuko ikus-entzunezko lege berriaren baitan agertzen den bezala, plataformen ekoizpenean eta katalogoetan hizkuntza gutxituen %6ko kuota berma daitezen, existitzen diren euskarazko audio eta azpi-tituluak derrigor txerta ditzaten eta espainiar Estatuko telebista publikoak euskaraz ere eskaini ditzan lanean segituko dute.

ALBISTEA OSORIK IRAKURTZEKO:

https://www.kazeta.eus/eu/info_kz/20220122/film-eta-telesail-berriak-euskaratuko-ditu-espainiar-estatuko-amazonek