2022ko urtarrilak 16
AINHOA SARASOLA / AINIZE MADARIAGA
Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.
Igandez hurbildu ohi da zale ugari zinema aretoetara. Gaurko karteldegiari begiratzen badio, 100 días con la Tata, El contador de cartas, Licorice Pizza, Mamá o papá, Matrix: Resurrections, Spider-Man: No way home, Lamb, Una librería en París, West Side Story, Mes frères et moi edo ¡Canta 2! izenburuak irakurriko ditu afixetan, beste askoren artean. Zabala da eskaintza, baina ez horrenbeste hizkuntzari erreparatuta. Gazteleraz edo frantsesez bikoiztuak daude ikusgai jatorriz hala ez direnak, edo jatorrizko bertsioan baina erdarazko azpidatziekin gutxi batzuk. Euskaraz, aldiz, bi lan baino ez uneotan: Ilargirantz haurrentzako filma Iruñea, Donostia, Errenteria (Gipuzkoa), Bilbo, Durango edo Getxoko (Bizkaia) zenbait aretotan, eta Apaiz kartzela Donostian. Besteen aldean, euskarazko lanak ez dira asko izaten aretoetan, ezta euskarazko azpidatziak dituztenak ere. Jaialdi eta zikloetan ere, salbuespenak salbuespen, ez dira gehiengoa. Eskaintza pixkana handituz doala azaldu dute hainbat eragilek, baina leku gutxiago du euskarak oraindik.
Zineuskadik martxan jarritako Zinema Euskaraz programaren bidez heltzen dira euskarazko lan asko aretoetara, Ilargirantz, adibidez. «Saiatzen gara eskaintza sendotzen eta hilean behin lan bat aretoetan izaten», azaldu du Mar Izquierdok, programaren arduradunak. Euskaraz bikoiztutako lanen estreinaldiak sustatzen ditu egitasmoak, laguntzen bidez.
Hamar urte beteko ditu aurten, eta, denbora horretan, zortzi eta hamalau film artean bikoiztu ditu urtero. Guztira, 119. «Normalean, hamar bat izaten dira urtean, baina aurrekontuaren araberakoa da; film batek pertsonaia asko baditu, aurrekontua igotzen da, baina gutxiago badira, agian gehiago egiteko aukera dugu». Pandemia dela eta, azken bi urteetan gutxiago izan direla azaldu du, urriagoak izan baitira estreinaldiak ere.
Horietatik, haurrentzako lanak izan dira gehien-gehienak; gazte zein helduentzako lanekin saiorik egin izan dute, baina Izquierdok dio ez dutela hain bide luzea izaten. «Saiatzen gara familientzako lanak izatea, balioak lantzea… nolabait gero eskoletan ere bizitza bat izan dezaten, arlo pedagogikotik lantzen baitituzte».
EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin hitzarmena du Zineuskadik, filmok gero sarearen aretoetan erakusteko. Izquierdok azaldu du bi elkarteetako ordezkarien batzorde batek aukeratzen dituela filmak, eta gero, banatzaileak eta lizitazio bidez zehaztutako estudioak harremanetan jartzen dituztela. Iaz hartu zuen berak programaren ardura, baina badu izan duen bilakaeraren berri. «Badakit hasieran zaila zela, banatzaile askok onurarik ikusten ez ziotelako. Baina egun errazagoa da; orain, banatzaileek eskaintzen dizkigute beren lanak bikoizteko. Beraz, behintzat lortu da urteotan haiek ikustea euskaratzea ona dela, filmen bizitza luzatzen dugula, eta badela eskaintza hau nahi duen publiko bat».
Filmazpit da Zineuskadik sortu eta laguntzen duen beste proiektu bat; euskarazko azpidazketa sustatzen du, eta Donostia Kulturak kudeatzen du. 2011n abiatu zen, eta, ordutik, euskaraz azpidatzitako 43 film bildu ditu bere katalogoan —beste 564 lanen azpidatzi hutsak ere badira bertan, baina film horiek ez dira katalogoan—. «Helduentzako lan independenteak, egile kutsua dutenak izaten dira. Pixkanaka katalogo interesgarria osatu dugu. Filmen azpidatzi eta eskubideak ordaindu, eta Euskal Herri osoko edozein eragileri eskaintzen dizkiogu diru asmorik gabeko saioak egiteko», azaldu du Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arloko arduradunak.
Hirutik bat gutxienez
Programa kudeatzeaz gain, zinema egitarau zabala prestatzen du arloak hirian urte osoan. Tartean, familientzako euskarazko saioak kultur etxeetan, eskolentzakoak eta aldizkako emanaldi bereziak aipatu ditu Beltranek. Halaber, bi jaialdi —Giza Eskubideen Zinemaldia eta Beldurrezko eta Fantasiazko Astea— eta hainbat ziklo antolatzen dituzte, batzuk beste eragileekin elkarlanean. Nosferatu zikloa hasi berri da, esaterako. «Irizpide gisa, filmak jatorrizko bertsioan jartzen ditugu beti, eta gero, azpidatziak ezartzen ditugu; batzuetan, euskaraz, eta besteetan, gaztelaniaz. Nosferatun, esaterako, hiru filmetik bat euskarazko azpidatziekin izango da». Zehaztu du ez dutela azpidatzi bikoitzik jartzen: «Guretzat, horrek ez du laguntzen ez euskara, ez gaztelania; nahiago dugu batzuetan film baten bi saio egitea». Bi jaialdietan ere euskarazko saioen kopurua «pixkanaka handituz» joan da, haren hitzetan. Duela urte batzuk, azpidatzien arabera, ikusle kopuruan aldea sumatzen zutela dio, «baina pixkanaka desegiten joan da». Jaialdien kasuan, zaila zaio euskarak duen lekuaren zifrak zehaztea, aldatu egiten baitira urtearen arabera. «Esan dezakedana da bai kezkatu gaituela kopurua handitzeak; naturaltasunez egin dugu, eta publikoaren erantzuna horrekin parekatuta joan da».
Edonola ere, Beltranen iritzian euskarazko sorkuntza indartzea da inportanteena. Bigarren urtez martxan jarri duten Oihua! deialdia aipatu du adibiderako, euskaraz beldurrezko lan laburrak sortzea sustatzen duena. «Uste dut garrantzitsuena dela bertako sorkuntzaren alde egitea, eta izatea jatorrizko euskarazko lanak, denetarikoak. Guk beti emango diegu arreta bertako sorkuntzei eta sortzaileei», nabarmendu du.
(…)
ALBISTE OSOA IRAKURTZEKO: https://www.berria.eus/paperekoa/1915/026/001/2022-01-16/lekua-egin-nahian.htm