Alex Aginagalde Lopez

2022ko irailak 30

Amaitu berri da aurrekontu, programazio, ikusle kopuru zein oihartzun mediatikoari erreparatzen badiogu Euskal Herriko ikus-entzunezko ekitaldirik garrantzitsuena dena: Donostia Zinemaldia. Eta aurtengo edizioan, berriz ere, euskaldunok bigarren mailako herritarrak izan gara.

Programazioaren %10a soilik ikusi ahal izan da euskaraz, elebidun, ala euskarara azpidatzita. Jaialdiaren araudiak argi dio 6. artikuluan: emanaldi guztiak eskaini behar dira gazteleraz edo gazteleraz azpidatzita. Euskarari buruz, aipamenik ez. 8M€-ko aurrekontua duen jaialdi batek (erdia baino gehiago gure poltsikoetatik), euskaldunak diskriminatzen ditu. Berdin onartuko al genuke genero edo arraza bereizkeria sustatzen duen ekitaldi bati diru publikoa ematea? Hortxe nire galdera.

Zinemaldiaren testuingurua aitzakia ezin ederragoa iruditu zait euskarak ikus-entzunezkoetan, orohar, bizi duen egoera larriaren errepasoa egin eta errealitateari aurrez aurre begiratzeko.

Zinemalditik zinema aretoetara salto egingo bagenu, euskaldunok hauetan jasaten dugun eskubide urraketa are gordinagoa dela ikusiko genuke: Euskal Herri osoko zinemetan urtean eskaintzen diren filmen %1 soilik da euskaraz (%2,3 EAE-n). Aretoetara heltzea lortzen duten euskarazko lauzpabost film, eta haurrentzat bikoizturiko beste 12 bat. Nazioarteko film arrakastatsuen artean, euskarara bikoiztu edota azpidatzitakoen arrastorik ere ez. Basamortua.

Zinema eta telesailak ikusteko bitarteko nagusia bilakatu diren streaming plataformetan, berriz, euskarazko eskaintza ez da %0,1era iristen. Egia da azken alor honetan herri ekimenak alderdi, erakunde eta enpresak mugiarazi dituela, eta aurrerapauso batzuk lortu direla merkatuan nagusi diren bi plataformetan; duela urtebete Netflixen 3 film ikus zitezkeen euskaraz edo euskarazko azpidatziekin, gaur 40. Primevideon 1etik 44ra pasa dira. Bada zer edo zer.

Dena dela, euskararen presentziak gure aisialdiaren jaun eta jabe diren pantaila eta euskarri ezberdinetan (smartphone, tablet, telebista, zinema, ordenagailu…) hutsaren hurrengoa izaten jarraitzen du, eta hau hizkuntzaren erabileran berebiziko eragina izaten ari dela esango nuke (beste faktore batzuk badaudela ukatu gabe). Azken ikerketek euskararen erabilera jangela eta jolastokietan beherantz doala erakutsi digute. Euskararen kale erabilera ere, 2006tik 2021era, puntu bat baino gehiago jeitsi da Euskal Herrian. Gainera, azken 5 urteotan beherakada hori oso nabarmena izan da herririk euskaldunenetan. Alarma guztiak pizteko moduko datuak.

Honekin loturiko pasadizo bat kontatuko dizuet. Ikasturtea hasi eta bi astera, gure 3 urteko semea logelan gazteleraz jolasten aurkitu nuen.

– Aizu potoko, zeatik ai zea erderaz? Badakizu gure etxean euskeraz iten degula…! Haren erantzunak izoztuta utzi ninduen. – Eske aita, jolasten ari naiz!

Larrialdia begi-bistakoa da. Ez soilik hiriguneetako familia euskaldunetan, arnasguneetan ere geroz eta ohikoagoa da guraso koadrilak plazan euskaraz aritu arren, haurrak superheroietara edo dena delakora erdaraz jolasten entzutea. Hizkuntza ordezkapenaren (Language Shift) mamua ote da?

Gaur egungo egoerara egokituriko hizkuntza politika berritu eta ausartak behar ditugu. Eremu guztietan, baina bereziki ikus-entzunezkoetan: erakundeek egoera iraultzeko irizpide, egitura eta lege berriak onartzea premiazkoa da, ez soilik hizkuntza eskubideen bermatzaile izatea dagokielako, baizik eta hizkuntzaren etorkizuna bera jokoan dagoelako. Besteak beste, Euskal Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren legeak, eta hauek landu eta betearaziko dituen Ikus-entzunezkoen kontseilua.