Urtzi Urkizu
2022ko azaroak 27
Joan zen Pantailaldia. Gaztealdian protestak egin zituzten gazte euskaltzaleek —haietako bat EITBren egoitza aurrean, ETB2ko saioen afixekin—. Eta Euskaraldia bete-betean daude orain milaka euskaltzale. ETB1ek Euskaraldiari eskainitako saio bat emango du gaur, 22:00etan. ETB2n, ordea, ez da Euskaraldia inondik inora antzematen, eta Pantailaldia oharkabean joan zen. Euskaraldiko lehen egunean, ETB2ko albistegietan eta saioetan eman zuten bideoren bat, baina euskarari tokia egiteko asmorik ez da ikusi.
Bitartean, euskararen erabilera atzeraka ari da nabarmen udalerri euskaldunetan. Hala diote datuek —Eustatek emandakoak xehatu zituen Uemak azaroaren 16an—. «Euskararen indarberritzea ezin da ulertu ahalegin indibidualen batuketa baten moduan», esan zuen Iñaki Iurrebaso soziologo eta EHUko irakasleak, arrazoiz eta argudioz.
Bitartean, kezka nabarmena da kaleetan eta ikastetxeetako jolasguneetan haurrak erdaraz ari direlako. Erdaraz nagusiki.
Joan zen Pantailaldia, eta pantailetan Erdaraldia ari du. Sakelako telefonoetan, tabletetan eta telebista konektatuetan milaka eduki sartzen dira egunero, eta ia guztiak gaztelaniazkoak dira Hego Euskal Herriko gazteen gailuetan, eta frantsesezkoak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako neska-mutikoenetan.
Aukerak badira zenbait eduki euskaraz ikusteko, bai. Baina euskarara bikoiztutako lanak asko gutxitu dira duela bi hamarkadatik hona. Eta, egon, badaude lanak euskaraz egiten dituzten sortzaileak; edonola ere, Lander Arretxeak zutabe batean ohartarazi zuen gazteentzat egiten dena diru gutxiago inbertituta eta modu prekarioan egiten dela.
Kalitatezko ikus-entzunezkoak egitea ez baita berez merkea. The Lord of The Rings: The Rings of Power telesailaren lehen denboraldiko atal bakoitzak 56 milioi euro inguruko kostua du. 2023. urterako ETB2k izango duen aurrekontu bera. Askok pentsatuko dutenaz bestera, zazpi milioi gehiagoko aurrekontua izango du ETB1ek ETB2k baino: 63,5 milioi eurokoa. Kirolak kenduz gero, ordea, ETB2k aurrekontu handiagoa luke.
Bitartean, ezin konta ahala dira pantailetara erdaraz sartzen diren telebista kateak, plataformak, influencer-en bideoak eta bestelakoak. Sosak ere halakoak dira: Netflixek 17.000 milioi euro inbertituko ditu edukietan 2023an. ETB3ren aurrekontua 2,6 milioi euro izango da. Primeran plataformarena, 3,5 milioi.
IRITZI ARTIKULUA OSORIK IRAKURTZEKO:
https://www.berria.eus/paperekoa/1953/044/001/2022-11-27/erdaraldia-ari-du-pantailetan.htm