Alex Aginagalde Lopez

Ikusi artikulua Euskal Aktoreen Batasunaren (EAB) "jokulariak" buletinean (14. or.)
2024ko iraila

Bi mila eta hogeita bateko ekainean euskarazko ikus-entzunezkoen alde lanean genbiltzan hainbat elkarte eta mugimendutako kideek bat egin eta Pantailak Euskaraz ekimena sortu genuen. Izan ere, kezkaz ikusten genuen gure bizitzetan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari ziren pantailetan (smartphone, tablet, ordenagailu, TB,…) euskarak zuen presentzia urria. Ikerketek diotenez, hizkuntza ohituretan berebiziko eragina dute gure aisialdian ditugun esperientziek. Bataz beste, egunean 5-6 ordu igarotzen ditugu mota ezberdinetako pantailen aurrean, eta hauetan ditugun erreferente ia denak erdaldunak badira, ze hizkuntza hautatuko dugu gure egunerokotasunean? 3 urteko ibilbidean gauzak aldatzen hastea lortu dugu. Garaipen nagusia, euskarazko ikus-entzunezkoen gaia eztabaida sozial eta politikoan kokatu izana da. Euskaldun gehienok normalizatua genuen streaming plataformetan, zineman, edo sareetan euskarazko edukirik ia ez egotea. Orain, ordea,
hizkuntza komunitate gisa, eta baita kontsumitzaile gisa ere, ditugun eskubideak aldarrikatu eta defendatu beharraren kontzientzia piztu dugu.

Horrekin batera, aurrerapauso nabarmenak eragin ditugu streaming plataformen munduan: merkatuan nagusi diren enpresak (Netflix eta Primevideo) euskaraz bikoiztu eta azpidatzitako edukiak txertatzen hasi dira (jadanik 170/200 eduki ikus daitezke euskaraz plataforma hauetako bakoitzean), eta garrantzitsuena dena, euskaldunok jadanik badugu euskarazko edukiz, bertakoak zein nazioartekoak, hornitutako streaming plataforma propioa, Primeran.

Euskal Herrian ospatzen den ikus-entzunezko ekitaldi nagusian ere, Donostia Zinemaldian, Sail Ofizialak euskarazko azpidatziak eskaintzen ditu iaztik, eta honek euskaldunok jaialdi honetan bizi genuen diskriminazio egoerarekin amaitzeko inflexio puntu bat ezartzeaz gain, gure hizkuntza nazioarteko erakusleiho honetan ikusgarri egiten du.

Baina lortutako garaipenez gain, hainbat erronka potolo ere baditugu parez pare: euskarazko zinemak eta zinemetan euskarak bizi duen egoera, esate baterako. Azken urteotan, bolo-bolo dabil agintari eta komunikabideen ahotan “euskal zinemaren loraldia”. IBAIA euskal ekoizle elkarteak, ordea, kontrakoa salatu zuen 2023ko maiatzean Eusko Legebiltzarrean: euskarazko zinema hilzorian dagoela esan zuen. Ez baita gauza bera “Cine Vasco” eta “Euskal Zinema”.

Egia da azken hamarkadan, arloko profesionalek egindako aparteko saiakerari esker, euskarazko zinemak ale zoragarriak utzi dizkigula, nazioartean ere ibilbide oparoa egin dutenak. Baina hori nahikoa al da “loraldiaz” hitz egiteko? Aztertu ditzagun datu objektiboak: 2022an, euskarazko fikziozko film bakar bat ere ez zen estreinatu zinemetan: dokumental bat eta 3 animaziozko pelikula besterik ez. 2023an, berriz, euskarazko
fikziozko lan bat izan genuen, Irati, 3 dokumentalekin batera. Horiekin, haurrentzat urtean Zineuskadik bikoizten dituen 10 filmak eskaini ziren. Laburbilduz: euskarazko eskaintza, Euskal Herriko zinemetan, %2koa da.

EAE eta Nafarroa azken putzak dira Estatuan hizkuntza koofizialeko ikus-entzunezkoen ekoizpenera bideratutako aurrekontuetan: Katalunia, Valentzia, eta Galizak diru gehiago inbertitu dute azken urteotan. Zorionez, 2024an, Jaurlaritzak ekoizleen eta herri ekimenen eskaerei erantzun positiboa eman, eta ekoizpenerako dirulaguntzak 2,4M€tik 7,3M€ra igo ditu, horietatik erdia baino gehiago euskarazko edukientzat izango direla bermatuz. Beharrezkoa zen halako apustu bat euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza biziberritzeko, hau bideragarri egiteko, eta hauen aldeko apustua egiten duten profesionalen ziurgabetasuna gutxitzeko. Espero dezagun honek zinemetan (eta zeharka, plataformetan) euskarak bizi duen egoera hobetzen laguntzea.

Baina euskarazko ikus-entzunezkoek bizi duten egoera benetan iraultzeko, gure lurraldeetan araudi propioak garatzea eta ekoizpen eta bikoizketarako baliabide eta aurrekontuak biderkatzea ezinbestekoa izango da. EAEko Gobernu berriak norabide horretan pausoak eman ditzan lanean jarraituko dugu.