Hona hemen Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen alorreko eta euskalgintzako hainbat eragilerekin elkarlanean lantzen ari garen aldarrikapen nagusiak:
1. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea
Ikus-entzunezkoena sektore estrategikoa da, ekonomia, gizarte kohesioa, eta bereziki hizkuntza eta kulturaren ikuspegitik. Ez da euskarazko ikus-entzunezkoen arloa aro digital berrira egokitzeko inolako politika publiko sendorik martxan jarri azken urteotan, nahiz eta datuek erakutsi, egunerokoan, biztanleen gehiengoarentzat, ohiko kontsumo bidea aldatu dela (bereziki, gazteriarentzat). Horregatik, euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa handitzea eskatzen dugu, Europako estandarretara hurbilduz.
2. EITB indartzea eta euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzea
EITBra bideratutako diru publikoaren handitze bat eskatzen dugu, Euskal Herriko euskarazko ikus-entzunezkoen industriaren motorra izan dadin. EITBren 5/1982 sorrera legeak aipatzen dituen normalkuntza helburuak lortzeko, aurrekontuetan eta programazioan euskarazko kateei emanez lehentasuna eta euskarazko kalitatezko ikus-entzunezko edukiak ugaritzearen aldeko apustua eginez. EITBren seinalea Euskal Herri osoan eta euskarri desberdinetan eskuragarri egotea.
Euskarazko tokiko telebistak indartzea ere eskatzen dugu, funtsezko papera betetzen baitute euskararen normalizazioan.
3. Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea
Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen plataforma, euskaldun komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena. Edukien hedapen eskubideek euskararen eremua osoa kontutan hartu beharko lukete, eta plataforma Euskal Herri osoan eskuragarri. Erakundeei eskatzen diegu egin dezatela honen aldeko apustua eta babes ditzatela diruz norabide horretan egon daitezkeen ahaleginak. Streaming plataforma horretan, euskaraz ekoitzitako edukiak biltzeaz gain, eduki arrakastatsuak euskarara itzultzearen aldeko apustua egin beharko da.
4. Streaming plataformetan euskararen presentzia legez bermatzea
Plataformei eskatzen diegu, euskaraz sortutako edo, jadanik, bikoiztu eta azpidatzita dauden katalogoko edukietan, euskararen aukera gehitzea eta hori, euskararen eremu guztiari eskaintzea. Erakundeei plataforma hauekin negoziatzen hasteko eskatzen diegu, estreinaldi berrietan, euskarazko bikoizketa eta azpidatzi berriak sortzeko prozesuan era proaktiboan parte har dezatela, eta Estatuetako Ikus-entzunezko Lege Orokor berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko
5. Zinemaren Lege propioak sortzea
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, zinemetan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotuko duen Zinemaren Lege propioak behar ditugu. Lege horiek industria zinematografikoa zuzenduko duen marko arautzailea ezarriko lukete.
Ipar Euskal Herrian, eskumena duten erakundeen mahaian, zinemetan euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.
6. Bideojokoetan eta sortzaile plataformetan, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea
Bideo-jokoek eta Interneteko sortzaile plataformek gazteen aisialdian duten geroz eta pisu handiagoa kontuan izanda, eta arlo hauetan euskararen presentzia oso mugatua dela ikusirik, euskarazko tresnak sortzea eta euskararen erabilera sustatzea beharrezkoa da.
7. Ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea
Arloa bere osotasunean legez arautuko duten Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea beharrezkoa ikusten dugu, eskumen hori duten lurralde administrazioetan, Eusko Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean. EB 2018/1808 Europako zuzentarauaren transposizioa abiapuntutzat hartuta eta idatzi honetan aipatutako hizkuntza eskakizunak jasoko dituen Ikus-entzunezkoen Lege propioak lantzea beharrezkoa da.
Ipar Euskal Herrian, ikus-entzunezkoen arloan eskumena duten erakundeen arteko mahaian, euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.
8. Ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea, lurralde-administrazio bakoitzean
Aditu independentez osaturiko Ikus-entzunezkoen Kontseilu horrek, arloaren egoerari buruzko txostenak egingo lituzke, bitartekaritza lanak egin eta bere eskuduntzen markoan dauden ikus-entzunezkoen arloko legeak betetzen direla bermatuko luke. Lege batzuk aipatzearren, besteak beste, haurren eta nerabeen babeserako legea eta publizitatearen gaineko legea egongo lirateke. Kontseilu horren ardura legeak betearaztea, eta bereziki, euskaldunon hizkuntza eskubideak, ikus-entzunezkoen eremuan, betetzen direla gainbegiratzea izango da.
9. Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea
RTVE eta Groupe France Télévisions diru publikoz finantzatzen diren irrati-telebista taldeak izaki, tartean Euskal Herriko hiritarren diruz baita ere, haien Estatuko hizkuntza aniztasuna euren programazioetan bermatu dezatela eta edukiak euskaraz ere eskaini ditzatela eskatzen diegu.
10. Koordinazio-organoa sortzea, hiru lurralde administrazioetako ordezkariz osatua.
Koordinazio-organo egonkor hori hiru administrazioetako ordezkari politiko eta instituzionalez egongo litzateke osatua, eta, bere helburuen artean, euskarazko ikus-entzunezkoan inbertitutako baliabide publikoen eraginkortasuna lortzea (film eta telesailen bikoizketak partekatu, telebista tradizionalerako edo sare sozialetarako egindako programen trukatzea eta koprodukzioa, etab.) eta euskararentzat publiko berriak lortzea egongo lirateke.