Juan Luis Zabala
2021eko maiatzak 25
www.berria.eus
Egia galanta esan du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak EITBk hurrengo urtean abian jarriko duen plataforma digitala aurkezterakoan: «Egungo ikus-entzunezko kontsumoan plataformak funtsezkoak eta erreferentzia geldiezina direla uste dugu. Gaur egun, euskarak ia ez du lekurik eremu horretan; eta, euskarak gainerako hizkuntzen kalitate bereko edukiak ematen ez baditu, eta eduki horiek gainerakoak bezain erraz eskuratzen ez badira, gure hizkuntzaren etorkizunerako galera konponezina izango da». Baina kalitatearekin batera kantitatea aipatzea falta izan zaio.
Benetan lagunduko dio «euskal Netflix» bat izango omen den plataforma horrek euskarari? Plataformak ez ditu euskarazko edukiak soilik eskainiko, «Euskal Herrian sortzen diren ikus-entzunezko lan guztiak» baizik, «filmak, dokumentalak eta bestelakoak». Gaztelaniari ere lagunduko dio, beraz, euskarari baino gehiago seguru asko. Baina hori ez da esaten. Zergatik?
Plataformako euskarazko ikus-entzunezko guztiak, edo gehienak behintzat, euskaraz sortutakoak baldin badira —eta hala izango direla dirudi, ez baita kontrakorik adierazi eta aspalditxotik ETBren politikan euskarara itzulitako ikus-entzunezkoak oso urriak baitira—, plataformako euskarazko eskaintzak zeharo urria izaten jarraituko du, gaur egun euskaraz ekoitzitakoa oso urruti baitago kontsumo erregular samar baterako aski izatetik. (…)
IRITZI ARTIKULUA OSORIK IRAKURTZEKO: https://www.berria.eus/paperekoa/1881/036/002/2021-05-25/itzulpenik-gabe-jai-dago.htm