Idatzi hau sustatu dugun eragileok, geroz eta anitz eta zabalagoa den ikus-entzunezkoen munduan euskararen presentzia gero eta txikiagoa dela ikusita, eta egoera honek euskaldunon orainean eta, batez ere, etorkizunean izan ditzakeen ondorio konponezinekin arduraturik, gure hizkuntzan bizi ahal izango garen etorkizun bat ziurtatzeko beharrezkoak diren neurri hauek proposatzen ditugu.

EAEko 10/1982 Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak, bere III. Kapituluan; Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak, bere III. Tituluan; edota 1992ko Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak bere 11. eta 12. artikuluetan, ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan jasotzeko herritarrok dugun eskubidea eta erakundeek hau bermatzeko duten betebeharra aipatzen dituzte.

Euskal Herrirako, hau da, euskararen lurralde osorako proposatzen ditugun neurriok hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea dute helburu. Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileei eskatzen diegu aldarrikapenok bere egin ditzatela eta euskarazko ikus-entzunezkoen industria, gure kultura eta gure hizkuntza dagokien lekuan jartzeko lan egin dezatela.

Hona hemen ikus-entzunezkoen alorrean euskararen etorkizuna ziurtatzeko eskatzen ditugun neurriak:

1. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitzea eta handitzea.

Ikus-entzunezkoena sektore estrategikoa da, ekonomia, gizarte kohesioa, eta bereziki hizkuntza eta kulturaren ikuspegitik. Euskarazko ikus-entzunezkoen arloa aro digital berrira egokitzeko politika publiko sendoak behar ditugu, datuek erakusten dutelako, egunerokoan, biztanleen gehiengoarentzat, ohiko kontsumo bidea aldatu dela (bereziki, gazteriarentzat). Horregatik, hurrengo neurriak eskatzen ditugu:

1.A. Gardentasuna, zehaztasuna eta irisgarritasuna eskatzen dugu erakunde publikoek ikus-entzunezkoetara bideratzen duten diru kopuruetan.

1.B. Gure lurraldeetako erakundeek euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzen duten diru kopurua handitzea eskatzen dugu (diru laguntzak, programak, etab.). Bideratzen den diruaren erdia, gutxienez, euskarazko edukietara izan dadila proposatzen dugu. EAEn bideratzen den diruaren erdia, gutxienez, euskarazko edukietara izan dadila proposatzen dugu. NFK eta Iparraldean, hizkuntzen arteko berdintasunera bidean, euskarazkoetara bideratzen den dirua progresiboki handitzea

1.D. Nazioarteko edukiak euskarara bikoizteko dirulaguntza lerroak sendotzea eskatzen dugu.

2. Euskal Irrati Telebista (EITB) indartzea eta hau euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea.

EITBk Euskal Herriko euskarazko ikus-entzunezkoen industriaren motorra izan behar du, EITBren 5/1982 sorrera legeak aipatzen dituen normalizazio helburuak lortzeko. Horretarako honako neurriok eskatzen ditugu:

2.A. Aurrekontuetan eta programazioan euskarazko kateei lehentasuna eman eta euskarazko kalitatezko ikus-entzunezko edukiak nabarmen ugaritzea.

2.B. EITBren seinalea Euskal Herri osoan eta euskarri desberdinetan eskuragarri egotea.

2.D. EITBko gaztelerazko kateek ere hizkuntzaren normalizazioan tresna eraginkorrak izateko eta erdal hiztunak euskarara gerturatzeko, gaztelaniazko kateetan euskara ikusgarri izatea eskatzen dugu, beharrezkoa denean gaztelerazko azpidatziak erabiliz.

EITBz gain, euskarazko tokiko telebistak indartzea ere eskatzen dugu, hauek ere funtsezko papera betetzen baitute euskararen normalizazioan.

3. Euskarazko streaming plataforma bat sortzea.

Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen plataforma bat beharrezkoa da, euskaldun komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena.

Plataformako edukien hedapen eskubideek euskararen eremua bere osotasunean kontutan hartu beharko lukete, eta tresna honek Euskal Herri osoan eskuragarri egon beharko luke. Horretarako neurri hauek eskatzen ditugu:

3.A. Erakundeek egin dezatela honen aldeko apustua eta babes ditzatela diruz norabide horretan egon daitezkeen ahaleginak.

3.B. Streaming plataforma horretan, euskaraz ekoiztutako edukiak biltzeaz gain, nazioarteko eduki arrakastatsuak euskarara itzultzearen aldeko apustu argia egin behar da.

4. Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia bermatu eta areagotzea.

Azken datuen arabera, euskaldunon erdiak kontsumitzen ditugu streaming plataformak. Institutu eta unibertsitateko gazteen artean, berriz, ia %80k. Merkatuan nagusi diren ordainketa bidezko plataformetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da, eta egoera hau aldatzea erabat beharrezkoa da hizkuntzaren etorkizunerako.

Horretarako Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoei neurri hauek eskatzen dizkiegu:

4.A. Estatuetako Ikus-entzunezko Lege Orokor berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko, euskarari gutxieneko kuotak ezarriz, bai euskarazko ekoizpenerako bai katalogoan euskarara bikoiztu eta azpidatzitako eduki kopuruan.

4.B. Netflix, HBOmax, Disney+, Amazon Prime Video, eta gainontzeko plataformetan euskarazko edukiak berma ditzatela, beharrezkoak diren neurriak hartuz. Erakundeei plataforma hauekin negoziatzeko eskatzen diegu:

-Lehendik euskaraz sortutako edo euskarara bikoiztuta eta azpidatzita dauden plataforma hauen katalogoetako edukietan, euskararen aukera gehitzea eta euskararen eremu guztiari eskaintzea.

-Estreinaldi berrietan, euskarazko bikoizketa eta azpidatzi berriak sortzeko prozesuan era proaktiboan parte har dezatela.

5. Zinemaren Lege propioak sortzea

Euskarak zinemetan duen presentzia eskasari irtenbidea eman eta zinemak euskaraz gozatzeko euskaldun komunitateak duen eskubidea bermatzeko:

5.A. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, zinemetan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotuko duen Zinemaren Lege propioak behar ditugu.

Lege horiek industria zinematografikoa zuzenduko duen marko arautzailea ezarriko lukete, zinemetako emanaldien ehuneko esanguratsua euskaraz ere izan dadin bermatuko duena bikoizketa eta azpidatzien bidez: EAEn emanaldien erdia gutxienez euskaraz ere eskaintzea bermatuko da, eta NFKn lekuan lekuko egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta euskarazko eskaintza handituko da modu progresiboan, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna lortzea helburu.

5.B. Ipar Euskal Herrian, ikus-entzunezko arloan eskumena duten erakundeen arteko mahaian, zinemetan euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.

6. Bideo-jokoetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea

Bideo-jokoen euskarazko eskaintza bermatzeko honako neurriak proposatzen ditugu:

6.A. Bideo-jokoen garapen, animazio eta software diseinu ikasleei euskaraz sortzearen garrantzia azaltzea eta beraien eskoletan euskaraz sortzeko baliabideak eskaintzea.

6.B. Euskal Herrian bideo-jokoen garapenean ari diren sortzaileak eta enpresak euskaraz lan egin ahal izateko dirulaguntza sorta prestatzea, eta kanpoko ekoizleei beraien produktuak euskaratzeko erraztasunak bideratzea.

6.D. Euskarazko bideo-joko eta software teknologia terminologia bateratua garatzaileekin, itzultzaileekin, ikertzaileekin eta euskara irakasleekin elkarlanean sortzea.

6.E. Bideo-joko banatzaile, saltzaile eta enpresa handiek (PlayStation, Microsoft, Nintendo, Valve, Epic...) online zerbitzu propioetan bideo-jokoen hizkuntza zehazterakoan, euskararen aukera gehitzea eta iragazki bezala erabiltzea.

7. Sortzaile plataformetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea

Sortzaile plataformetan eta sare sozialetan euskarazko edukiak sustatu eta sortzaileak babesteko honako bideak proposatzen ditugu:

7.A. EITB Euskal Herriko eduki sortzaile nagusia izanik, bere edukiak sortzaile plataformetara bideratzea eta plataforma hauetan eduki esklusiboak sortzea, eta EITBk sortzaile euskaldunekin kolaborazioak egin eta hauen ikusgarritasuna areagotzea.

7.B. Sortzaile plataformetan ikus-entzunezko proiektu egituratuak sortzeko dirulaguntza publikoak bideratzea.

7.D. Sortzaile plataformetan “euskara” hizkuntz aukera bezala bermatzea eta hau edukiak iragazteko baliagarri izatea.

7.E. Gazteek edukiak euskaraz sortzera eta kontsumitzera animatzeko kanpainak sortzea, hauen kontsumo arduratsua sustatuz.

8. Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea.

Arloa bere osotasunean legez arautuko duten Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea beharrezkoa ikusten dugu eskumen hori duten lurralde administrazioetan:

8.A. Ikus-entzunezkoen Lege propioak lantzea beharrezkoa da Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean. EB 2018/1808 Europako zuzentarauaren transposizioa abiapuntutzat hartuta, EAE eta NFK-ko legebiltzarrek euren lurralde eremuetan ikus-entzunezko esparrua arautu eta euskararen erabilera bermatu behar dute.

8.B. Ipar Euskal Herrian, ikus-entzunezkoen arloan eskumena duten erakundeen arteko mahaian, euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.

9. Lurralde-administrazio bakoitzean ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea.

Aditu independentez osaturiko Ikus-entzunezkoen erakunde publiko horrek bermatuko luke bere eskuduntzen markoan dauden ikus entzunezkoen arloko legeak, gardentasuna, aniztasuna eta neutraltasuna betetzen direla, besteak beste. Kontseilu horren ardura bereziki euskaldunon hizkuntza eskubideak betetzen direla gainbegiratzea izango da.

Balizko kontseilu horiek, edo horien faltan, lurralde bakoitzeko beste egitura instituzionalek, euren arteko koordinazio-organo egonkor bat izan beharko lukete, eta bere helburuen artean, euskarazko ikus-entzunezkoan inbertitutako baliabide publikoen eraginkortasuna bermatzea (film eta telesailen bikoizketak partekatu, telebista tradizionalerako edo sare sozialetarako egindako programen trukatzea eta koprodukzioa, etab.) eta euskararentzat publiko berriak bereganatzea egongo lirateke.

10. Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea.

RTVE eta Groupe France Télévisions diru publikoz finantzatzen diren irrati-telebista taldeak izaki, estatuetako hizkuntza aniztasuna euren programazioetan bermatu dezatela eta edukiak euskaraz eskaini ditzatela eskatzen diegu.

10.A. EAE eta Nafarroarako albistegien deskonexioak euskaraz eskaini ditzatela. 10.B. Clan haur eta gazteentzako kate publikoan, edukiak euskaraz eskaini ditzatela. 10.D. France3 Aquitaine telebista katean euskarazko eduki gehiago eman ditzatela.

Hemen sinatzen dugunok, ikus-entzunezkoetan gure kulturaren eta hizkuntzaren defentsan aitzindari lana egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta euskal jendarteari ere eskatzen diogu konpromisoa hartu dezan eta orain artean bezala bidelagun izan dadin.

  • AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea
  • APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkartea
  • ARGIA
  • BERTSOZALE ELKARTEA
  • BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea
  • BILBOKO KAFE ANTZOKIA
  • DISNEY + EUSKARAZ ekimena
  • EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak
  • EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea
  • EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
  • ELHUYAR Fundazioa
  • ENE KANTAK taldea
  • EUSKAL ENCODINGS ekimena
  • EHE Euskal Herrian Euskaraz
  • EUSKAL KONFEDERAZIOA
  • EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea
  • GAME ERAUNTSIA elkartea
  • Gazte Euskaltzaleon Sarea
  • HEKIMEN euskal hedabideen elkartea
  • IBAIA ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea
  • IKASTOLEN ELKARTEA
  • IZARKOM Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa
  • JAKIN
  • KANALDUDE
  • KANTU KOLORE taldea
  • KATXIPORRETA elkartea
  • Euskalgintzaren KONTSEILUA
  • KRISTAU ESKOLA
  • LANARTEA euskararen langile profesionalen elkartea
  • MONDRAGON LINGUA
  • NAPAR ikus-entzunezkoen ekoizpen naparra
  • NETFLIX EUSKARAZ ekimena
  • SORTZEN eskola publiko berriaren aldeko elkartea
  • TINKO EUSKARA elkartea
  • Euskaltzaleen TOPAGUNEA
  • 3000TWITZ ekimena
  • UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea
  • UEU Udako Euskal Unibertsitatea
  • ZINEA.EUS ataria
  • ZINEMAK EUSKARAZ ekimena
  • ZUKUGAILUA elkartea

MANIFESTUA DESKARGATU