Netflix Euskaraz ekimena otsailaren 16tik dago abian, streaming plataformari euskarazko edukiak txerta ditzala eskatuz. Ekimenaren sustatzaileek, sinadurak bilduta, euskarazko edukien eskaria egon badagoela erakutsi nahi diote konpainiari.
Euskal Herriko erakundeei, aldiz, arduraz joka dezatela eskatzen zaie eta jar daitezela, berehala, plataformarekin negoziatzen. Batetik, Netflixen katalogokoak diren eta diru publikoz euskaratutako dozenaka eta dozenaka film eta telesailak daudelako, eta, konpainiari eduki horien euskarazko bertsioa plataforman txertatua izan dadin exijitu behar zaiolako. Eta bestetik, hemendik aurrera, plataformako katalogoan aurkezten doazen film eta telesail arrakastatsuen estreinaldi berrien euskararako itzulpenean era proaktiboan inplikatu daitezela eskatzen diete erakundeei.
Gaur egunera arte, 12.600 sinadura jasoak ditu ekimenak, eta abenduaren 3rako 20.000 sinadura lortzeko erronka jo du. Beraz, euskal herritarrei indarra egiten jarraitzeko deia egiten diete, egiten den indar metaketaren arabera lortuko baitugu euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izatea.