Pantailak Euskaraz mota guztietako pantailetan euskararen presentzia biderkatzearen aldeko ekimena da. Gure bizitzetan ordu asko ematen dugu pantaila txiki, ertain, edo handien aurrean, sare sozial, streaming plataforma, zinema, telebista, bideo-jokoak… kontsumitzen zein edukiak ikusten eta sortzen, baina euskarak oso presentzia urria du horietan guztietan. Horrek eragin kaltegarria dauka euskararen jabekuntzan nahiz erabileran.
Hori dela eta, Netflix Euskaraz, Disney+ Euskaraz, Tinko Euskara elkartea, Bikoiztaile Euskaldunon elkartea, Zinemak Euskaraz ekimena eta Game Erauntsia elkarteko hainbat pertsona batu eta ekimen hau sortu genuen 2021eko ekainean.
Gaur egun PANTAILAK EUSKARAZ kultur elkarte gisa eratua dago, eta ekimen horietako hainbat kidek zein beste hainbat herritarrek osatzen dugu.
PANTAILAK EUSKARAZen aldarrikapen nagusiak EUSKARAZKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ALDEKO MANIFESTUAN daude jasota, eta hezkuntzako (Ikastolen Elkartea, Sortzen, Kristau Eskolak, Aek…), ikus-entzunezkoetako (Ibaia, EPE-APV, Napar, Iparraldeko Zukugailua…) eta euskalgintzako (Kontseilua, Topagunea, Hekimen, Uema…) eragile nagusien babesa du.
Harremanetarako:
pantailakeuskaraz@gmail.com